Lide Hernando.
'Ekografiak'

Disneyren 'live action'-ez

2025eko apirilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zalaparta handia dago sareetan Disneyren animaziozko film klasikoen live action bertsioen aurka. Live action-a animaziozko filmak hezur-haragizko aktoreekin berregiteko tendentzian datza. Azken urteotan gisa horretako moldaketen olatu bat bizitzen ari garela ukaezina da: hamarkada batez halako filmik gabe egon ostean –2000n ikusi baitzuen argia azkenak, 102 Dalmatians-ek–, 2010ean Alice in wonderland filmaren moldaketa egin zutenetik, Maleficent (2014), Cinderella (2015), Jungle Book (2016), Beauty and the Beast (2017), Dumbo (2019), Aladdin (2019), Lion King (2019), Lady and the Tramp (2019), Mulan (2020), Cruella (2021), Pinocchio (2022), The Little Mermaid (2023) eta Snow White (2025) etorri dira; eta horietako batzuen sekuelak aipatu gabe utzi ditut, gainera. Normalean, halako tendentzia bulimikoek arbuioa eragiten badidate ere, harritu naute Snow White-k hedabideetan jaso dituen irainek, eta film horien inguruan hausnartzera eraman nau horrek.

Bai, egia da Interneteko kritika askok Snow White filmean Gal Gadot aktore pro-israeldarrak parte hartzea dutela oinarri; baina ez naiz kritika horietaz ari; gaurkoan kritika zinematografikoen inguruan zentratzen saiatuko naiz. Horietako hainbat ikusi ditut eta, hein batean, iruditzen zait ekarpen on batzuk badituztela. Hasteko, zinema, istorioak kontatzeko arte bat izateaz gain, esperientzia bisual bat da; eta zentzu horretan, haurtzaroan animazioan ikusitako zerbait orain hezur-haragitan ikusteko aukera izatea esperientzia gehigarria da; eta, ondorioz, niretzat behintzat, gozamen gehigarria ere bai. Bestetik, egia da remake horiek egon ezean ez nintzatekeela sekula ere film zahar horietako istorioak berrikustera animatuko; hau da, nolabait, live action-en olatuak gogora ekarri ditu arestiko filmak, horiek gupidagabe ordezkatu beharrean.

Era berean, noski, bat nator kritika askorekin. Batetik, iruditzen zait live action-ak ekoiztearen atzean ezkutatzen den ideia hau dela: bere garaian animazioan egin zituztela, hezur-haragitan egiteko baliabiderik ez zutelako. Eta animazioak live action-ak bezainbeste balio behar du kulturalki. Eta amaitzeko: ez zaizue iruditzen animaziozko filmetako gaizkileak askoz ere beldurgarriagoak eta, beraz, hobeak zirela?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.