Lide Hernando.
'Ekografiak'

Dirudunen morboa

2025eko apirilaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Onartu behar dugu: gustuko dugu pantailan pertsonaia dirudunak ikustea. Gure handinahiaren isla direlako izango da, edo inoiz lortuko ez dugun helburu horren irudikapen hedonista. Hainbatek esango lukete gustuko duguna dirudunak sufritzen ikustea dela, fikzioaren bitartezko justizia soziala bilatzen dugula, ez besterik; eta bai, hein batean izan daiteke. Baina ez esan ez duzuenik gustuko The Crown-en britainiar koroaren Balmoral jauregiko aisialdia ikustea, edota Succession-en Roytarren ezkontzetako gehiegikeriez gozatzea. Horrexegatik iruditzen zait hain ideia perfektua Mike Whitek The White Lotus-ekin izan zuena: ez digu soilik jende aberatsa ikusteko aukera eman, baizik eta, gainera, euren egunerokoaren gristasunetik atera eta burbuila atipiko batean erakutsi dizkigu: oporraldien burbuila koloretsuan.

Hirugarren denboraldia amaitu berri du telesailak, eta, aurreko biak bezala, masa fenomeno bilakatu da. Eta ez bakarrik dirudunak ikusteak eragiten digun morboarengatik: Whiteri bere luma zorrotza aintzatetsi behar zaio. Oso trebea da pertsonaia konplexuak sortzen; ez soilik rich people cry ustea egitate bihurtzen duelako, baizik eta erakusten digulako estamentu sozial gorenean ere askotariko izaerak topa ditzakegula. Askorako eman dezake The White Lotus-eko pertsonaiak analizatzeak, eta beste artikuluren bat eskainiko diot horri; gaurkoan orokorrean gelditu nahiko nuke, eta ikusleari telesaila gomendatu, ia ezer kontatu gabe.

Hawaiin eta Sizilian igarotako lehen bi denboraldien ostean, Thailandiara bidaiatuko du ikusleak honakoan turista hauekin. Beti bezala, lehen atalean erailketa bat gertatu dela kontatuko digu telesailak, baina ez dugu jakingo ez hiltzailea, ezta hildakoa nor den ere. Eta azken ataleko plot twist-ak, beti bezala, zeharo harrituko gaitu —White aditua da inork espero ez dituen plot twist-ak txertatzen—.

Hala ere, zutabearen hasieran aipatu dudanari helduz, gustatuko litzaidake Francois Truffaut zinema kritikoaren hitz batzuk ekartzea: «Film beliko batzuen intentzioa antibelizista izatea den arren, gerrari buruzko film guztiek amaitzen dute berau erromantizatzen». Esango nuke aberatsak protagonista dituen eta helburua kapitalismoa kritikatzea duten horiekin ere gauza bera gertatzen dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.