gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

Detektibe zinezalea

2024ko maiatzaren 29a
05:00
Entzun

Hollywoodeko ekoizle ezagun baten biloba desagertu egin da, eta John Sugar izeneko detektibe pribatu misteriotsu bat kontratatuko du. Sugarren pertsonaia Colin Farrell aktoreak gorpuzten du, baina Glenn Ford,Humphrey Bogart edo Robert Mitchum ere izan zitezkeen; telesailean film klasikoetako detektibeei egiten zaien omenaldia nabarmena da. Misteriotsua izateaz gain, Sugarrek badu ezaugarri nabarmen bat: oso zinezalea dela. Tira, zaletasuna baino gehiago, berak dioen moduan, zinemarekiko erabateko mendekotasuna sentitzen du. Lehen atalean, esaterako, pozik ikusiko dugu Sight and Sound edota Cahiers du cinéma aldizkariak esku artean dituenean. Mark Protosevich da sortzaile nagusia, baina atal gehienak Fernando Meirelles (Cidade de Deus, The Constant Gardener eta berriki The Sympathizer telesaila) zinemagile ezagunak zuzendu ditu.

Neo noir-aren lurrina duen telesaila da, zinezaleek bereziki gozatuko duzuena. Ez ditu zinema beltzaren arauak hausten, nahiko narratiba klasikoa du alde horretatik, baina lehen unetik ohartu zarete ukitu oso berezia duela. Gainera, pertsonaia nagusiaren zinemazaletasun hori asko zukutzen da, bai edukian eta baita alor teknikoan ere. Tarteka, protagonistaren off-eko ahotsa genero beltzeko hainbat film klasikoren pasarteekin tartekatzen dute, pertsonaiaren zenbait hausnarketa, ekintza edota egoerarekin lotura dutenak —ikaragarri gozatu dut film horien izenburuak asmatzen saiatzen—. Ikusleen artean eztabaidak eragiteko helburuz, zenbait erabaki narratibo deigarri hartu dituzte, horien artean sareak hankaz gora jarri dituen bat: 30 minutuko zortzi atal ditu guztira telesailak, eta seigarreneraino guztia nahiko ohikoa den arren, atal horren amaieratik aurrera gertatzen den zerbaitekin burua galdu dut. Telesaila hankaz gora jartzen duen biraketa bat da, ez nuen inondik inora ere espero. Hartu duten erabakia oso zoroa da. Batzuek diote erridikulua dela, niri ez zait hala iruditu, baina egia da gertaera horrek testu honetan azaldu dizuedan guztiari beste zentzu bat ematen diola. Pertsonalki asko eskertzen dut harritzeko gaitasuna duten horrelako erabakiekin topo egitea, baina egia da hortik aurrera ia fede kontua dela telesaila ikusten jarraitzea. Proposatzen duten guztira egokitzeko gaitasuna baduzu, asko gozatuko duzu; bestela ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.