gaizka izagirre
'Ekografiak'

Deseroso

2025eko apirilaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Geroz eta gehiago erabiltzen eta gomendatzen dudan Filmin plataformara Hypnosen proposamen suediar berezia iritsi da; itxurakeriari eta bikote zein lan harremanei buruzko satira zorrotza eta deserosoa da. Andre eta Vera lehiaketa entzutetsu batera joango dira emakumearen osasuna ardatz duen aplikazio bat aurkeztu eta saltzera. Topaketara joan aurretik, Verak hipnosia praktikatu du erretzeari uzten saiatzeko, eta une horretatik aurrera Andreren jarrera aldatu egin da; ustekabeko jokabidea izango du.

Filma ikusten ari nintzela Ruben Ostlunden filmak eta Maren Aderen Toni Erdmann etorri zaizkit burura; ikuslea deseroso sentiarazteko gaitasuna izateaz gain, antzekotasunak dituztelako tonuari eta mezuari dagokienez. Erreferentzia horiek ezagutzen badituzu, ohartuko zinen Hypnosen ez dela ikusle guztientzako moduko filma. Egoera deserosoak ikustean asko sufritzen duen horietakoa bazara, proposamen hau agian ez da zuretzako —ala agian bai—. Drama eta umorearen artean mugitzen da, tragikomedia bat dela esango nuke; badira barregura eragiten duten uneak, baina gehiago dira hausnarketarako tartea irekitzen dutenak.

Tonu bitxi hori ez ezik, filmaren alderdirik sendoena bi aktore protagonisten lana da: Herbert Nordrum eta Asta Kamma August. Egokitu zaien zeregina ez da batere erraza, eta bikainki egin dute biek.

Gidoia nahiko sinplea da, baina oso zentzuzkoa eta zuzena, harira doan horietakoa; Ernst De Geer eta Mads Steggeroso gidoilariek argi dute zer azaldu nahi duten, eta harira doaz itzulinguruka ibili beharrik gabe.

Dena den, ikusita zer gai jorratzen den, are zirikatzaileagoa eta deserosoagoa izan beharko lukeela uste dut. Ausarta da, eta garunean iltzaturik geratu zaizkidan zenbait eszena gogoangarri ditu —batez ere amaierakoa—, baina apur bat azalean geratzen da guztia, anekdotiko samarra da. Zenbaitetan erritmo apur bat ere falta zaio, baina, nahiko laburra denez, erraz ikusten da.

Remake, spin-off, sekuela eta behin eta berriz errepikatzen diren formula berberen nahasketaz jositako eskaintzaren artean, oso eskertzeko da honelako proposamen freskoekin topo egitea. Opera prima oso interesgarria osatu du Ernst De Geer zuzendari suediarrak.

Emaiozue aukera bat, zeresana emango duela iruditzen zait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.