gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

(Des)orekak ez du balio

2024ko ekainaren 19a
05:00
Entzun

New York, 1980ko hamarkada. Gurasoen eztabaida baten ostean, ikastolara bidean doala, bat-batean bikote horren bederatzi urteko semea desagertu egingo da. Aita, Vincent, (Benedict Cumberbatch) New Yorkeko txotxongilolaririk ezagunenetako bat da, eta telebista saio batean hartzen du parte, alkohol gehiegi edaten du, eta horrek —beste arrazoi askoren artean— eztabaida etengabeak eragiten ditu Cassie emaztearekin (Gaby Hoffmann).  Netflixen topatu dezakezuen Eric miniseriearen hasierako premisa da hori: ez da benetako gertaeretan oinarritutako kontakizuna baina zalantzarik ez daukat errealiateaz elikatu dela bereziki alderdi formala lantzeko. 1980ko hamarkadaren amaierako New Yorkeko giro zapaltzaile eta dekadentea bikainki pantailaratu dute. Krimena, pobrezia, homofobia edota arrazismoa egunerokoan guztiz txertatua dagoen hiria aurkeztuko digute, eta horiek eragina izangu dute pertsonaiengan eta baita trama nagusian ere, batez ere jaioko diren gainerako azpitrametan.

Lehen paragrafo hori irakurri ostean ohartuko zinen osagai guzti-guztiak zituela hamarreko telesaila izateko, ezta? Bada, zoritxarrez, ez da horrela izan. Gustatu zait, biziki gomendatzen dizuet, baina uste dut konkrezioa falta zaiola; elementu guztiak nabarmenak dira, bai formalak eta baita edukian txertatuak daudenak ere, baina beraien arteko kohesioa falta da. Premisa nahiko sinple baten aitzakiaz hainbat geruza gehitu ditu Abi Morgan sortzaileak, oso interesgarriak direnak, baina batzuei sakontasuna falta zaie. Zenbait unetan tonuen arteko nahasketak ere despistatu nau. Mahaigaineratzen dituen gaiei dagokionez, oso sakonak izan zitezkeen, baina nahiko azalean geratzen direla uste dut. Drama familiarra, polizia thrillerra, umore zipriztinak… ez dut oso argi izan zer azaldu nahi zuen zehazki. Denetik apur bat egin nahi zuten akaso, baina holakoetan, normalean, hobe izaten da bide bakar bat aukeratzea. Antzezpen lana, istorioa, giropena eta, oro har, dituen asmoak paregabeak iruditzen zaizkit, baina zenbait unetan desorekatuak daude. Hala ere, eta alde onak eta txarrak kontuan izanda, nigan utzi duen arrastoa positiboa izan da, eta erdipurdikotasuna gailentzen den Netflixeko katalogoaren barruan eduki nabarmena iruditzen zait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.