urtzi urkizu

Dena (ez) da ETA, dena (ez) da ETB

2024ko urriaren 27a
05:00
Entzun

Hamahiru urte luze joan dira ETAk armak utziko zituela iragarri zuenetik. Horrek esan nahi duen guztiarekin. Baina hamahiru urte geroago, pantailetan ETA inoiz baino biziago dagoela diote zenbaitek. Ez dago esan beharrik zenbateko sufrimendua eragin zien herritar askori «Dena da ETA» tesiak. Baina 2024an gaude, eta hainbat musika taldek lelo hori kantetarako baliatu dute, nahiz eta falta den Kau Kori Kura taldekoen bideoklip surrealistaren bat. Gaztelaniazko hitzak, bai, badaude: El Reno Renardok Todo Seta kantatzen du, Aukan taldeak Todos somos ETA eta Itziarren Semeak taldeak Evaristoren laguntza izan zuen Todo es ETA abesteko.

'Todo es ETA' kantaren bideoklipa.

Madrilen alderdi eskuindar edo/eta ultraeskuindarrek ETA astero zenbatetan aipatzen duten zenbatzea besterik ez dago. Zinema aretoetan, bestalde, ETAn sartu zen polizia baten istorioa kontatzen duen filma diru mordoxka egiten ari da: La Infiltrada. Aurrerago iritsiko dira: Netflix plataformaren Un fantasma en la batalla filma —ETAn murgildutako beste sator baten ingurukoa— eta La Frontera telesaila.

Baina dena ez da ETA. Ez dago ETA Euskal Herriko herritar gehientsuenen egunerokoan. Ezta euskarazko zineman iritsiko diren hurrengo proiektuetan ere. Datozen hilabeteetan —eta urteetan— iritsiko diren euskarazko fikziozko film luzeen artean, Asier Altunaren Karmele, Asier Urbietaren Faisanen uhartea, David Perez-Sañudoren Sacamantecas, Paul Urkijoren Gaua eta Jose Mari Goenagaren eta Aitor Arregiren Maspalomas daude. Ez da ETArik horietan. Ezta Perez-Sañudoren Azken erromantikoak aurtengo filmean ere: azaroaren 15ean iritsiko da zinema areto komertzialetara. Uxue Arzelusek Donostiako Zinemaldian ikusi zuen, eta BERRIAn kritika idatzi. Badira, halaber, dokumental arloko, animaziozko eta beste generoetako ekoizpenak bidean, gehienetan ETArik gabe tartean.

Azken erromantikoak
Miren Gaztañaga aktorea, Azken erromantikoak filmean. BERRIA

Eta ETB?

Hemendik gutxira estreinatuko du Bilboko Zinebin eta Gijongo zinema jaialdian Iratxe Fresnedak Errotatiba film laburra. Dena da ETA politikak izan zuen ondorio lazgarri bat du filmak oinarri: Egin egunkariaren itxiera. Zazpi urte eta erdi egin zituen Jabier Salutregik kartzelan —iazko ekainean hil zen—, eta beste sei Teresa Todak, eta haien inguruko pelikularik ez da egin oraino. Hemezortzi hilabete egin zituen espetxean Iñaki Uriak, Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako operazioaren ostean. Aurreko igandean argitaratu zuen BERRIAk Uriarekin egindako elkarrizketa. Egunkaria-ren inguruan egin dira hainbat dokumental, baina ez legoke gaizki etorkizunean fikziozko lanen bat iritsiko balitz.

Badira Uriak aurreko igandean esandako kontu batzuk nahiko oharkabean pasatu direnak —edo ez da, behintzat, publikoki gaiaz askorik hitz egin—. «Askoz interesgarriagoa izango zen kate autonomiko bat egitea, baina Jaurlaritzak ez zuen lehiaketara atera multiplex autonomikoa. Denborarekin, uko egin zion horri, eta Madrilera itzuli zuen. Hori egin zuten, ez zutelako konpetentziarik nahi ETBrentzat. Hori asko zaindu dute... EITB mantentzeko erabakia dago, eta alderdi bezala [EAJri] ekartzen dizkien onurak baliatzekoa».

Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza politika sailburua.
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, irailaren 13an. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Izan ere, Dena da ETB leloaren arabera jokatu dute EAJk eta Eusko Jaurlaritzak urte luzez Euskal Autonomia Erkidegoko ikus-entzunezkoen inguruan erabakiak hartu dituztenean. Horren adibide zehatz bat aurki daiteke Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak EH Bilduri eman dizkion erantzun batzuetan. EH Bilduk galdetu du 2023an eta 2024an ikus-entzunezko plataformetara bidali edo eskuragarri jarritako audio bikoiztuen, azpidatzien eta audiotranskripzioen inguruan, eta sailburuak erantzun du ez dagokiola gaia berari. Beste erantzun batean aipatu du, bai, Movistar Plusen badirela 160 film eta telesailen 231 atal euskarazko azpidatziekin. Baina ba al du inork horien berri?

Kontua da Jaurlaritzak ezin duela jokatu duela 40 urte bezala, non La1, UHF eta ETB ziren ikus-entzunezko kanal bakarrak. Eta ETBk ezin du jokatu duela 40 urte bezala, non Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako askoz gazte gutxiagok ulertzen zuten euskara. Libe Mimenza EHUko ikerlari eta Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaileak Urak eginen du bide dokumentalean esaten duen moduan, «estrategia bat garatu behar da euskaratik eta euskararentzat pentsatua». Eta horretan ETBk egon beharko du. Baina dena ez da ETB. Dena ETA ez den bezalaxe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.