urtzi urkizu
Euskara

Datorren larunbatean, manifestazioa

2024ko maiatzaren 12a
05:00
Entzun

Jakina da EAJk eta PSE-EEk sailak banatuko dituztela datozen asteetan Eusko Jaurlaritzan. Oraindik ez da argitara eman, ordea, nor izango den Hizkuntz Politikako eta Kulturako sailburu berria, ezta kargu hori jeltzale batek edo sozialista batek beteko duen ere. Begiratu daitekeena da bi alderdi horiek zer jaso zuten hauteskunde programetan ikus-entzunezko politiken inguruan.

EAJren arabera, urrats batzuk egin behar dira: «Euskararen presentzia handiagoa duen eskolaz kanpoko gazte ekosistema bat lortzea, euskarak ingurune digitalean duen presentzia indartzea, eta lanbideak inguruabar eleaniztasunetan garatzeko aukerak areagotzea». Horretarako, EAJk konpromisoa hartu zuen hauteskunde kanpainan jarduera hauek egiteko: «Euskarazko kultura sorkuntza sustatuko dugu, beken eta diru laguntzen bidez; euskal kultura eta ikus-entzunezko ekoizpenak bultzatzen jarraituko dugu, Euskadi Basque Country marka mundu osoan zabaltzeko, EITBren laguntzarekin; euskarazko azpitituluak eta bikoizketak sustatzen jarraituko dugu, nazioarteko ahalik eta ikus-entzunezko ekoizpen gehienetan; euskara hizkuntza teknologietan txertatzen jarraituko dugu, eta askotariko tresnak garatuko ditugu, adibidez, ahotsa ezagutzeko sistemak, elkarrizketa automatikoko sistemak eta zuzentzaile ortografiko eta gramatikalak».

PSE-EEren arabera, euskarari «prestigoa» eman behar zaio. «Garrantzitsua da euskara ikastea eta bere erabilera ez hartzea inposaketa baten moduan». Alde horretatik, kulturak funtsezko rola jokatu behar du, sozialisten arabera. EITBri begira, PSE-EEk hainbat neurri zehatz proposatu zituen hauteskunde kanpainan: «ETBren gaztelaniazko emanaldietan euskarazko azpidatziak zabaltzea bermatuko dugu; sail transbertsal bat sortuko dugu, Lehendakaritzaren mende, euskararen presentzia mundu digitalean bermatzeko». PSE-EEk hauteskunde programan gogoratu zuen EITBk «erreforma integral bat» behar duela, eta xede horrek protagonismoa izan zuela 2016tik 2020ra. Baina azkeneko lau urteetan ez zaio horri heldu. Hartaz, PSE-EEk helburu hauek markatu ditu erreforma horri begira: «EITBren zerbitzu publiko izaera mantentzea eta bermatzea, eta talde horrek normalizazio linguistikoan laguntzea; gobernantza exijenteago bat izatea, berdintasun printzipioa eta kultur, erlijio eta arlo politikoko aniztasuna errespetatzeko; horretarako, zuzendaritza profesionalizatua beharko litzateke; kontrol mekanismoak hobetu, eta administrazio kontseiluan gizarte eragile berriei bide eman; karrera profesionala sustatu, lantaldeari aukera berriak emateko; eta euskal ikus-entzunezkoen industriarekin harreman marko bat eraiki, enpresa horiei aukera gehiago emateko, eta EITB sektorearen motorra izan dadin».

Gidoia aldatzeko ordua

Bi alderdi horien proposamenak zertan gauzatuko diren ezagutzea ezinezkoa da. Baina, edonola ere, funtsezkoa da agintariek entzutea herritarrek zer eskatzen duten herrialde demokratiko bateko gizartean eta kalean, eta horri ekintzekin erantzutea ere bai. Eusko Jaurlaritza berriaren betebeharra izango da, beraz, datorren larunbatean Gasteizko kaleetan mobilizatuko diren herritarren aldarrikapenak entzutea. Oposizioko alderdi politikoen eta bestelako erakundeen betebeharra ere bai.

Aldatu Gidoia Euskararen Alde lelopean, manifestazioa egingo dute larunbatean, 17:30ean, Foru plazatik abiatuta. Adierazgarria da zenbat eragilek egin duten bat mobilizazioarekin: ELA, LAB eta Steilas sindikatuek, Pantailak Euskaraz eta pantailetan euskarazko edukiak eskatzen dituzten talde guztiek, aktore eta bikoiztaile elkarteek, hezkuntza sektoreko eragileek, Euskalgintzaren Kontseiluak... Haien mezua argia da: «Euskaran ardaztutako Euskal Irrati-Telebista bat behar da, eta Eusko Jaurlaritzak kultur politiketan —EITBn eta EITBz harago— euskara erdigunean jarri behar du».

Euskararen etorkizuna dago jokoan. Hil ala bizikoa da. Kike Amonarriz soziolinguistaren hitz batzuk ekar daitezke gogora: «Euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena funtsezkoa da euskararen biziraupenerako, eta horretan ETB giltzarria da». Hurrengo belaunaldiei begira, Eusko Jaurlaritzak eta EITBk orain hartutako erabakiek sekulako garrantzia izango dute. Gidoia aldatzeko garaia heldu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.