gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

'Dapa'

2024ko urtarrilaren 26a
05:00
Entzun

Orain lau urte inguru Juan Palacios zinemagileari buruzko lehen bideoa egin zutenetik, tartean pasatu diren Danele Sarriugarte, Iñigo Astiz, Nagore Legarreta edota Sahatsa Jauregitik pasatuz eta Antton Telleriari eskainitakoa bitarte, egin dituzten ikus-entzunezko pilula guztiak irentsi ditut, berrogei guztira. Dapa proiektuaz ari naiz, sormena oinarri duen ikus-entzunezko saioen bildumaz. Ia guztia irudien bidez jasotzen dugun honetan, irudi horiek zer eta batez ere nola kontatzen duten iruditzen zait gakoa. Sareetan edozein eratako eduki labur eta traketsek arrakasta lortzen duten garaiotan, plazer hutsa da bideo-pilula hauek ikustea, ikus-entzunezko narrazio landuak, sotilak eta oso zinematografikoak erabiltzen dituztelako. Nortasuna jariatzen duen euskarazko edukia egiten dute, eta, elkarrizketatuaren edo gaiaren arabera, bideo bakoitzak bere izaera du, bere unibertso propioa. Txalogarria da egiten duten lana.

Kulturaz kooperatibak ekoitzitako saioa da eta Azpeitiko (Gipuzkoa) Dinamoa sormen gunean du habia. Kooperatibako bertako ikus-entzunezko lantaldeak gauzatu ditu orain arte argitaratu diren berrogei atalak. Euskal Herriko diziplina askotako hainbat artista zein proiekturen lanen ingurukoak jasotzen dituzte, eta berriena, aipatu dudan Antton Telleriari buruzkoa da; pieza benetan berezia osatu dute oraingoan ere. Pantomima Full edota  Atzean Zuloa  proiektuen esentzia duen bideo dibertigarri eta autoparodiko batekin irekitzen da atala, eta jarraian Tolosako bere etxera jarraituko dio kamerak. Telleria sofan eserita dagoen bitartean, elkarrizketa da ikus-entzunezkoaren ardatza, baina Azpeitiko Haginpe tabernan duen zuzeneko batekin tartekatzen dira irudiak, baita Donostiako Viktoria Eugeniako Nekatutak emanaldiaren irudiekin portzierto, Filminen ikusgai dago iragan astetik— eta sare sozialetako zenbait bideo laburrekin ere. Hasieran aipatu dizuet pilula bakoitzak baduela bere izaera; bada, kasu honetan oso ongi antzematen da hori: irudien konbinazio honekin ukitu oso freskoa eta gertukoa eman diote, baita dibertigarria ere. Berrogei atalek badute lotura formala eta jarraitutasun estetiko oso markatu bat, baina baita solte ikusteko moduko izaera propioa ere, eta hori lortzea oso zaila iruditzen zait. Hurrengoak ikusteko irrikaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.