benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Dakidan bakarra

2025eko apirilaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bere garaian, irakasle izateko oposizioak prestatzen hasi nintzenean, oso galduta nengoen. Ez nekien nondik hasi ere. Facebook saretik lortu nuen taldea osatzea ezagutzen ez nituen beste lau irakaslerekin batera. Elkarri lagundu eta urduritasun eta zalantzak partekatzen genituen. Liburuez gain, Youtubeko bideoak ere erabili nituen oposizioen prestaketan. Horietan, hainbat ertamerikar eta hegoamerikar profesionalek azaltzen zituzten landu behar genituen gaien inguruko ariketak: pneumatika, motor elektrikoak, elektronika digitala, eta abar.

Pertsona horiek bideoen bitartez zabaltzen zuten haien jakituria. Eta oposizioen prestaketak iraun zuen hilabete zoro haietan, bertoko taldekideen eta milaka kilometrora zeuden mexikar, kolonbiar eta argentinar irakasle haien konpainia eta laguntza izan nuen.

2025ean bizi gara orain. Gauza batzuk ez dira aldatu, baina. Mundu osoan zehar milaka eta milaka dira pantailaren beste aldetik haien ezagutza musu truk zabaltzen aritzen direnak. Aurten ere, Hego Euskal Herrian, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako oposizioak izango ditugu. Eta ez dira gutxi izango haien lana ikasgelan profesionalki egin, familiako ardurekin jarraitu, eta oposizioak desorduetan prestatuko dituzten irakasleak.

Asko eta asko izango dira, oposizio horiek prestatzeko, irakasle eta aholkularien bidez trebakuntza jasoko dutenak ere, horrek dakarren diru eta denbora inbertsioarekin. Aurten, baina, bidelagun berri bat agertu da irakasle horien bidean. Laguntzaile horrek erantzungo dizkizu dekretu berriaren inguruko zalantzak, lagunduko dizu programazio didaktikoa osatzen eta ebatziko dizu fisikako ariketa madarikatu hori ere. Bai, gaur ere txatbotez ari gara.

Zutabe honetan ziur gaude urte batzuk barru iritsiko dela gizakion eta adimen artifizialaren arteko fusioa. Galdetzen dioguna galdetzen diogula, adimen artifizialak eskainiko digu erantzunen bat. Jakitearen sentsazio faltsua biziko dugu. Eta egun horretan ere, gogoratu beharko dugu esaldi hau: «Dakidan bakarra da ezer ez dakidala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.