Etxean aspaldi aitortu zidaten txikitan galdera asko egiten nituela. Opel Corsa beltz hartan bidaiatzen genuen aldiro, itaunen zaparrada hasten zen. Alamena ematearen poderioz, sarritan nekatzen nituen gurasoak. Azken hori ez didate inoiz aitortu, baina ziur nago horrela izan ohi zela.
Amak bazuen izeba bat, gure amamaren ahizpa, Tía Lidia. Erandion jaio, Getxoko Areeta eta Erromo auzoen arteko mugan bizi eta Neguri auzoan liburu-denda zuen hark. Oso maitatua zen.
Umetan, Tía Lidiaren etxera joaten ginen aldiro, arreba eta biok liburu banarekin bueltatzen ginen etxera. Garai hartan jakitun izango zen Tía Lidia, etxekoak nahiko aspertuta nituela galderekin. Bisita baten ostean, El libro gordo de Petete izeneko liburua oparitu zidan. Umeentzako entziklopedia antzeko bat zen hura, proto-Txikipedia bat.
Zalantza asko argitu zizkidan liburu hark. Harekin batera, Gabai, Asterix eta Obelix, Zipi eta Zape, Mortadelo eta Filemon, Guinness errekorren liburuak... orrialde haien barruan urrea zegoen. Hala ere, liburuok irakurtzean gero eta galdera gehiago sortzen ziren nire buruan.
Eta danba! 1997. urtea iritsi zen. Urte hartan Internet probatzeko aukera izan nuen nerabezaro bete-betean, zalantzen itsasoan galtzeko tresna ederra. Emailak, HTML lenguaia, IRC, Geocities eta lehen web-orri arkaikoak.
2000ko hamarkadaren hasieran etorriko zen blogen garaia. Ondo ezkutatua izan nuen blog pertsonal anonimoa. BERRIA egunkariaren hasierako urteotan, euskal blogosferan idatzitako testuak jaso eta egunkarian argitaratzen zituzten. Ezusteko galanta hartu nuen behin, nire blogean idatzitako testua euskarazko egunkari nazionalean argitaratu zutela ikustean. Gernikako Astran 2007an ospatu zen Hackmeetingak ere danbatekoa eman zuen eskualdean.
2021eko azaroaren 23a, GPT-3 eredua probatzeko aukera izan nuen lehen eguna. ChatGPTren aurreko bertsioa zen hura. Testua ingelesez idatzi eta hark erantzun. Gau hartan ordenagailuaren pantaila amatatu behar izan nuen, ezin bainuen sinistu erantzuten ari zitzaidana. Xaloa ni.
Eta handik hiru urtera, adimen artifizialarekiko hasierako liluraren arrasto gozoak garrazten ari zaizkidan honetan, teknologia berrien ingurukoak zabaltzeko aukera izango dut hurrengo asteotan hemendik. Jakinda betiere idatziek alborapenak izango dituztela, gaizki esandakoak ere egongo direla.
Txikitan Peteteri eskatzen nion bera eskatuko diot neure buruari: zintzo jokatu.