Lide Hernando.

Caravaggioren ilun-argiak

2024ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun

Imajinatzen dut norberaren margolanak telebista pantaila baten bitartez eta zuri-beltzean erakustea ez dagoela margolari askoren helburuen artean; are gehiago, amorrua eragingo balie ere, ulertuko nuke. Zorionez, mendeak dira Caravaggio gazte talentudun bezain gatazkatsua hil zela —kale-istilu batean jasotako zauri baten ondorioz egin ere—; beraz, 2024. urtean Netflixeko Ripley telesailean bere margolanak zuri-beltzean ikusteaz gozatu dugunok urrun gaude bere haserrearen ondorioak pairatzetik.

Egiari zor, Caravaggioren obrek beste dimentsio bat hartzen dute zuri-beltzean ikusita. Tenebrismoaren maisuaren koadroetan iluntasuna are ilunago antzematen da horrela, beltzak are pisu handiagoa hartzen duelarik; eta argitasun apur hori, ergel utopiko batzuk besterik ez garela gogorarazten diguten izpi indarge horiek, itotzear dauden itxaropen-iturriak. Robert Elswit argazki-zuzendariak telesail honetan egin duen lana litzateke, apika, Ripley-tik gehien azpimarratuko nukeena —hemen berriro ere Gaizka Izagirre gomendatu behar dizuet, Naiz.eus-en zinemaren eta kolorearen erabileraren inguruko artikulu oso interesgarria idatzi baitzuen duela gutxi, lan horren harira—. Baliteke Italiako monumentu eta bazterrek egiteko horretan laguntzea, baina horrek ez lioke lan miresgarri honi meriturik kendu behar.

Horrek ez du esan nahi gainontzekoa ez zaidanik gustatu, inondik inora ere. Andrew Scott beti bezain magnetiko ageri da misterio ilun bat gordetzen duen Tom Ripley gaizkilearen paperean. Caravaggioren argi-ilunen —zuzenagoa litzateke ilun-argi esatea— metafora ezin hobeto gorpuzten duela iruditzen zait. Halaber, gidoiaren mantsotasunak, tarteka gure arreta gero eta ahulagoarentzako erronka suposatzen duen arren, asko laguntzen du istorioak margotzen digun tentsioaren eskaladan.

Beste garai batean ekoitzi den telesaila dirudi, eta nabari da, gainera, sortzaileek efektu hori bilatu nahi izan dutela. Hori da, apika, Ripley-tik erreskata dezakedan beste bertute bat: ez dutela gaur egungo fast-food-aren jonki bihurtu diren gure burmuinentzako egin. Gustuko dut desafio hori, baita apustua Netflixek egin izana ere. Elegantzia, egoera puruan. Aspaldiko partez, gainera, thriller baten amaierak harritu egin nau.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.