Ekografiak atala telebistan zein plataforma digitaletan ikusten duguna aztertzeko helburuz osatzen dugu. Askatasun osoz idazten ditugu lerro hauek, eta askatasun horretaz baliatu nahiko nuke premiazkoa eta larria den gai bati heltzeko gogoz nagoelako: azken asteotan Denuncias Euskal Herria eta Bukatu da showa izeneko kontuetan euskal musikari, aurkezle, teknikari eta abarren aurka zabaltzen ari diren testigantzen inguruan hitz egin nahi dut.
Emakumeen aurkako eraso matxisten berri ematen duten albisteak irakurtzea ia eguneroko kontua da, baina honelako predatzaileak hain gertu ditugula jabetzeak barrenak nahasi dizkit; are gehiago, kontu horietan salatu dituzten hainbat pertsonarekin nolabaiteko lotura profesionala izan dut eta hotzikara, nazka, beldurra eta amorrua eragin dit horrek guztiak.
«Euskal komunikabide batzuetan ezaguna den mutil gazte bat erasotzailea da». Salaketa hori zabaldu zuten toki ezberdinetako zenbait emakumek @bukatu_da_showa kontutik. Horren harira, EITBk bertan behera utzi du Barraka saioa, haren aurkezle Iker Plazaolaren kontrako salaketak direla medio. Adierazi zuten ez dela eraso bakarra izan, eta asko direla gizon horren «eraso fisiko, sexual, psikologiko eta ahozkoak» jasan dituztenak. Ezin hitzez adierazi albiste horrek sorrarazi didana.
Beste auzi bat: «Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik». 2020an hainbat emakumek salatu zuten, eta hilabete batzuen ondoren, Donostiako Dabadaban lan egiteari utzi zion, baita garai hartan jotzen zuen musika taldeetan jotzeari utzi ere.
Edonola ere, eta lan publikoaren zati bat egiteari utzi bazion ere, nola da posible oraindik hiriko eta Euskal Herriko hainbat jaialditan oraindik lanean aktibo egotea? Erantzuna bistakoa da: inguruko gizonek eskainitako babesarekin egiten dituztelako erasoak; sekula ez bakarrik, beti taldean. Inpunitatea handiagoa da esposizio publikoak ematen duen boterea tartean bada. Ez dezagun ahaztu,babes soziala duten eta espazio publikoaren erdigunean dauden gizonak direla erasotzaileak.
Matxismoaren alfonbran ezkutatzen den zerrikeria eta kiratsa erabatekoa da, baina zalantzarik ez izan izan kasu gehiago aterako direla: bukatu da showa!