Telesaila: Querer. Zuzendaria eta sortzailea: Alauda Ruiz de Azua. Aktoreak: Nagore Aranburu, Pedro Casablanc, Miguel Bernadeau, Ivan Pellicer eta Loreto Mauleon. Atalak: Lau. Non ikusi: Movistar Plus plataforman, gaurtik aurrera.
Alauda Ruiz de Azua Barakaldoko (Bizkaia) zinemagileak gai mamitsu bati heldu dio bere aurreneko telesailean: bikote barneko sexu erasoei. Funtsean, bikote barneko boterekeria da telesailaren erdigunean dagoen gaia. Sakontasunez eta mimoz landua, behar duen seriotasunez. Miren protagonistak, (Nagore Aranburu) senarra salatu, eta etxetik joateko erabakia hartu du. Salaketan azaldu du senarrak 30 urtez bortxatu duela. Bi seme dituzte, gazteak dira, etxetik kanpo bizi dira jada, eta haientzat kolpe handia ekarriko du egoerak: aitaren ala amaren alde egin beharko dute. Bazituen gaiak arriskuak, baina Ruiz de Azuak asmatu du telesailaren narrazioarekin eta pertsonaien garapenarekin.
Tentsioz betetako uneak ditu lehen atalak. Ikuslea istorioan sartuta, estu sentitzen da, kolkotik hartuta. Fikzioak hori lortzen du Nagore Aranbururen eta Pedro Casablanc aktoreen interpretazio miresgarriei esker. Euskal Herriko ikusleak badaki zein aktore ona den Aranburu, baina Querer telesailaren bitartez beste leku batzuetan deskubrituko dute zer-nolako gaitasuna duen pertsonaiari sinesgarritasuna eman eta fikziozko pertsonaia batekin gertuko enpatia sorrarazteko. Lehen atal zitalaren ostean, telesailak une batzuetan beherantz egiten du —bereziki bigarren eta laugarren ataletan—, baina Aranburuk sendo eusten dio pertsonaiari. Ikusleak, hartaz, ez du tentaziorik izango telesaila amaitu gabe uzteko. Epaiketari eskainitakoa da atal bat, eta hori ere intentsoa da. Horretan Aranburuk egiten duen lana txapela kentzekoa da.
Bi semeen rolak Miguel Bernardeau eta Ivan Pellicer aktoreek jokatzen dituzte. Haien interpretazioak ere ez dira batere makalak, ezta bigarren mailako pertsonaiak jokatzen dituzten aktoreenak ere. Loreto Mauleon aktorea ere fin dabil, ohiko moduan.
Bilbon filmatua
Querer telesailean Euskal Herriko hainbat profesionalek parte hartu dute. Kowalski Films ekoiztetxea eta Koldo Zuazua ekoizlea aipa daitezke, esate baterako —askotariko lanak ari da ekoizten azkeneko urteetan Zuazua, batzuk nahiko arrakastatsuak—. Nabarmentzekoa da Bilbok fikzioaren une batzuetan duen presentzia; batez ere lehen bi ataletan, Bilboko erdialdeko kaleak presente daude, baita auzo batzuk ere. Telesailaren dramatikotasuna Bilboko zeru grisarekin uztartzen da. Ruiz de Azua zuzendariak adierazi du telesaila «Euskadiri lotua dela, gidoitik grabaketaraino». Hori hala da, bai, baina hizkuntzaren aldetik aipatu behar da Bilbo horretan mintzo diren guztiak gaztelania hutsean ari direla. Ez dago euskarazko elkarrizketa bakar bat ere lau ataletan. Semeek aita eta ama erabiltzen dituzte gurasoak aipatzeko, eta pertsonaia nagusiek euskal izenak dituzte. Baina ikusleak ez du inolako momentutan pentsatuko hiri horretan beste hizkuntza bat ere hitz egiten denik.
Hizkuntzaren ñabardura hori albo batera utzita, Querer telesail indartsua da. Pelikula luze bat bezala ere ikus daiteke. Hain zuzen ere, oso agerikoa da zuzendariaren begirada zinematografikoa. Hartaz, zentzu guztia izan zuen Donostiako Zinemaldian pantaila handi batean estreinaldia egiteak.
Cinco lobitos filmarekin Goya bat eta beste hainbat sari jaso zituen Ruiz de Azuak, eta txukuna zen pelikula hura. Baina pauso bat harago doa Querer telesaila, eta bikote barneko boterekeria ederki eramaten du pantailako irudietara. Akaso falta zaio zertxobait guztiz biribila izateko, baina ziur aski Espainiako telesail onenak hautatzen dituzten sarietan tokia izango du Querer-ek datozen hilabeteetan. Sari horietako hautagaien artean izango dira Aranburu eta Casablanc. Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak aurkezpen batean esan zuen Aranburuk inoiz egin duen interpretaziorik onena zela, eta ez zaio kontrarik egin beharrik, nahiz eta Aranburuk iraganean ere egin izan dituen euskaraz lan oso ederrak.
Irailean Zeru Ahoak telesaila grabatzen ibili zen Aranburu, Koldo Almandozen zuzendaritzapean. Eta lan hori iritsi bitartean, aktore euskalduna Querer-en ikusteko aukera dago, behintzat.