gaizka izagirre
'Ekografiak'

Bortxaketaren jauregia

2024ko azaroaren 20a
05:00
Entzun

Disney Plus plataformak, 2022an, Kote Cabezudo auziari buruzko dokumental saioa estreinatu behar zuela iragarri zuen, En el nombre de ellas. Egun hori iritsi zenean, ordea, dokumentalaren arrastorik ez, erabateko isiltasuna. Behin betiko uko egin zion estreinatzeari, baina zorionez, hilabete batzuk geroago Netflixen eman zuten.

Argazkilari ezaguna izana da Cabezudo. Modaren eta erotismoaren arloan sona izan zuen garai batean, Donostian eta inguruetan bereziki, eta modelo gehienen salaketek antzeko patroia erakutsi dute beti: zeukan itzalaz baliatuta, modelo gazteak mendean hartzen zituen argazki estudioan, eta, gero, nahieran erabiltzen zituen haiei ateratako irudiak. Joan den urtean, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen argazkilariari ezarritako 28 urte eta 2 hilabeteko kartzela-zigorra, sexu-erasoa, sexu-abusua, haur-pornografia eta bi iruzur delituengatik.

En el nombre de ellas lanean auziaren ingurukoak zehatz-mehatz azaltzen diren arren, aste honetan bertan ikusi dudan eta Filminen estreinatu den beste lan bat gomendatzera nator: Kote Camacho oiartzuarrarenPuzzleak, bortxaketaren jauregia. Aurtengo Euskal Zine BileranEpaimahaiaren Aipamen Berezia eta Ikuslearen Saria jaso ditu.

Film labur formatuan, euskaraz, eta ikuspegi askoz zehatzagoa eta intimoagoa eskainiz, Camachok biktima horietako baten kasua berreraikiko du. Hamabost minutu inguru irauten duen piezan, Elena Setienen melodia indartsuek irudiak bustitzen dituzten bitartean, animazioa eta dokumental kutsua duten fikziozko irudiak uztartuko ditu; dokufikzioa dela esan daiteke.

Estetikoki lan boteretsua da; bere aurreko lanetan frogatu duen moduan, Camacho trebea da animazioak eskaintzen dituen baliabideak zukutzen, eta kontakizun gordin honen osagarri paregabea iruditu zait, atmosfera aberasten du. Biktimen begietatik eta ahotsetik bizitakoa modu dotorean eta sotilean azaltzen du.

En el nombre de ellas etaPuzzleak, bortxaketaren jauregia, narratiboki eta formalki oso desberdinak izan arren, biek helburua bera dute: isiltasunez inguratuta egon den —eta dagoen—kasu izugarri honen berri ematea. Justiziaren aparatuak ez ikusiarena egiten duenean, kasua jakitera ematea besterik ez baita geratzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.