Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Borondatea

2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Nation Cymru atariaren arabera, S4C kateak aniztasuna eta gizarteratzea bultzatzeko saila sortuko du. Lanpostuaren iragarkia hedabide publikoaren webean ikus daiteke. Ekimen horrekin, pantailaren aurrealdean zein atzealdean, Gales «modernoa» islatzeko «konpromisoa» hartu nahi dute. Hau da, jatorri, erlijio edo azal kolore desberdinetako kolektiboak ordezkatzen dituztela ziurtatu. Nola ez, S4Cren egitasmoa ez da naturalki iritsi. Baizik eta presio soziala jasan ondoren. Hain zuzen, erakundearen programa bat kritikatu du herri mugimendu batek, erabakiak hartzeko prozesuetan BAME kolektiboko lagun gehiago ez izateagatik.

Zer esan nahi du BAMEk? «Britainiar zuritzat» jotzen ez diren pertsonak Erresuma Batuko gutxiengo etnikoen kolektiboan sartzen ditu gobernuak. Hala, beltzei, asiarrei eta gainerako gutxiengo etnikoei «BAME jendea» deitzen diete. Azken talde horretan, besteak beste, arabiarrak, migratzaileak, asilo eskatzaileak, jatorri mistoa duten pertsonak, ijitoak eta «bestelako zuri» gisa (australiar edo europar zuria, adibidez) aurkezten direnak ere sartzen dituzte. 2011ko datuen arabera, kolektibo horrek Erresuma Batuko biztanleriaren ia %20 ordezkatzen du. Guztira, 7,6 milioi pertsonak. Bestalde, Leedsko Unibertsitateak egindako ikerketa batek dioenez, «BAME jendea» biztanleen herena izango dira 2051n.

S4C Galesko telebista 1982an sortu zen. ETBren urte berean, hain zuen. Hasieran, ordea, galesez eta ingelesez emititzen zen. Egun, berriz, gales hutsean dira haren ikus-entzunezko eduki guztiak. Justuki, ETBren alderantziz. Lehenbizi ETB izeneko euskarazko katea sortu zuen Jaurlaritzak, eta hiru urte geroago, gaztelaniazko ETB2. Esatari, aurkezle eta kolaboratzaile berriak ikusi eta entzun nahi dituztela esan du Owen Ewans S4Cko zuzendariak: «Erakunde publiko gisa, eredu izan behar dugu; gizarte inklusiborako aldaketa azkartzen lagundu, eta horretarako gizartearengandik entzun nahi dugu».

Imajinatzen duzue ETBk galdetuko baligu zer nahi dugun hark egitea, euskararen normalizazioa eta erabilera sustatzen laguntzeko? Kanaldudek, esaterako, inkesta bat egin du; konfinamenduan eta ondotik, katearen edukiez ikusleek zer pentsatzen duten jakiteko. Finean, ia dena da borondate kontua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.