McKenzie Warkek El Salto hedabideko elkarrizketa batean zera dio: «Depresioa gure garuna baldintza negargarrietan alokatzearen ondorio da». Gure lanetako askok eskatzen duten estres fisikoaren edo kognitiboaren ondorioz, eta zer esan (soldatapeko) lanik ez duzun kasuetan, inoiz baino gehiago garun-atsedena sortzen diguten teknikak zabaltzen ari dira. Terapia indibidualetatik hasi, mindfulness inposatutik pasatu, eta pastila forman etor daitezke, baina gure buruek ozen diote: «Ezin dut gehiago». Bada, baina, fenomeno horretan zerbait ona ere: jolasaren hedapena.
Estres guzti horrek jolasen garrantzia lehen planora ekarri du. Ez da kasualitatea mahai jokoak adin txikietatik harago hartzen ari diren garrantzia, gai horietan aritzen diren denden irekiera, hezkuntza mailan ere hartzen ari diren garrrantzia... Homo ludens situazionistaren hedapen bat gertatzen ari da; noski, baita arlo digitalean ere.
Horren erakusgarri dira Wordle eta Berbaxerka jolasek orain edo aurretik Egunean Behin bezalako jolasek izandako arrakasta. Faktore gehigarri bat dute: hizkuntzarekin jolasa. Arrakasta dudarik ez izan, fenomeno okortu bat izanik ere (hizki-zopak eta gurutzegramak beti izan dira), hizkuntza minorizatu bat izatearekin ere baduela harremanik.
Iragan astean irratian gai horien inguruan hitz egiten ari ginela, inoizko elkarrekintza kopuru handiena izan genuen Euskadi Irratiko Amarauna-n. Harrigarria izan zen gaiak jaso zuen arreta eta programaren Whatsappean sortutako emaria. Gaiak interesa bazuela bagenekien, baina hainbesterako izateak zer pentsa eman zidan.
Olgetan ibiltzea jada ez da soilik denbora-pasa bat, bizi-pasa batean bilakatu zaigu. Bizitza bizigarri egiteko ezinbesteko bat. Estres kogniktiboaren kontrako eta akaso antsietate eta depresioari aurre egiteko bidexka bat. Gauza asko ditu onak jolasak, joko bihurtzen ez den bitartean. Jokoak zu zaitu, jolasa zuk duzu.
Xabier Landabideak (aka Txerren) edozein aukera baliatzen du jolasen garrantzia azpimarratzeko; burujabetza ludikoa da bere bandera. Gaurkoan batzen natzaio, bizi-pasa honekin, jolasaren alde eta jokoaren kontra. Inoiz pentsatu ez genuen garrantzia hartu du jolasak garai hauetan, berebiziko garrantzia duela esateraino.
IRLEN SAREA
Bizi-pasa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu