urtzi urkizu

Biriatun behar zuen hilobiratua

2024ko azaroaren 10a
05:00
Entzun

Ostiralean iritsi zen Hego Euskal Herriko zinema aretoetara Marco, Jon Garañoren eta Aitor Arregiren film interesgarria. Bertan, Eduard Fernandez aktoreak sekulako interpretazioa egiten du Enric Marco Batlle sindikalistaren rolean. Gezurraz, egiaz eta istorioak kontatzeko moduaz hausnartu dute pelikulan. Bigarren Mundu Gerran nazien kontzentrazio esparru batean preso egon zela adierazi zuen Marcok 1976an, eta ia 30 urtez aritu zen bere bizitzako pasarte hura kontatzen. Holokaustoaren biktimen Espainiako elkarteko presidente izan zen, eta Kataluniako ikastetxeetan makina bat hitzaldi eman zituen bizitakoak haur eta nerabeei azaltzeko. 2005ean, ordea, Benito Bermejo historialariak hankaz gora jarri zuen Marcok 30 urtez behin eta berriz kontatutakoa, eta frogatu zuen Marco sekula ez zela kontzentrazio esparru batean egon.

Ez du Marcoren kontakizunarekin zerikusirik, baina nazien kontzentrazio esparru bat benetan bizi izan zuen Jorge Semprun intelektualaren ondareak ere emango luke fikziozko film mamitsu baterako. Familia burges batean hazi zen Semprun, haren aita gobernadore zibila izan zen Espainiako Bigarren Errepublikaren hasieran, eta, 36ko gerraren eraginez, familiarekin erbestera joan behar izan zuen. 1941. urtean Parisen filosofia ikasketak egin, eta partisanoekin batera aritu zen. 1943an, naziek atxilotu, torturatu eta Buchenwaldeko kontzentrazio esparrura deportatu zuten. Ordurako Espainiako Alderdi Komunistako afiliatua zen. Kontzentrazio esparruan bizitakoak handik urte batzuetara jaso zituen Le grand voyage (Bidaia luzea) liburuan. Ondotik, bere obra literarioan bizitakoak jaso zituen. Bere egiak eraiki zituen, ezin esan Marcok bezala, baina literaturak edo zinemak ematen duen aterpeak estalita. Ironiaz ere bai, berak aitortzen zuen moduan.

FORO BIARRITZ
Jorge Semprun eta Juan Jose Ibarretxe, Miarritzeko (Lapurdi) Europa-Amerika Latina topaketan, 2004an. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Bere liburuen balioa gutxietsi gabe, Semprunek zinemarako gidoigintzan egin zituen makina bat lan esanguratsu. Constantin Costa-Gavras zinemagile politikoarentzat, Z, L'aveu eta Section spéciale film bikainen gidoiak idatzi zituen. Beste zinemagile askoren pelikulen gidoiak idatzi zituen. Eta etorkizuna ere iragarri zuen Alain Resnais zuzendariaren La guerre est fini zoragarrian: pelikulako une batean, polizia frantses batek zera aipatzen du: «Badira batzuk klandestinitatean aritzen direnak, eta gero ministro amaitzen dutenak». Halaxe gertatu zen Semprunekin, bada: PCErentzat lan klandestinoa egin zuen 1953tik 1962ra —ildo ofizialarekin zituzten desadostasunak zirela eta, kanporatu egin zuten—. Eta handik hamarkada batzuetara, PSOEren Espainiako Gobernuan, Kultura ministro izan zen, 1988tik 1991ra. Baina Alfonso Guerra presidenteordearen anaiaren ustelkeria auzia gogor kritikatu zuen elkarrizketa batean —beste kontu batzuekin batera—, eta Felipe Gonzalez orduko presidenteak Parisera itzultzeko gonbita egin zion.

La guerre est finie filmaren trailerra.

Semprunen bizitzaz makina bat kontu jakiteko aukera ematen du Las mil vidas de Jorge Semprun-ek. Ez da egin zitekeen dokumental onena, baina bai baliotsua.

'Las mil vidas de Jorge Semprun' dokumentala, osorik.

Oso gutxi aipatzen da dokumental horretan, baita beste biografia batzuetan ere, Semprunek Lapurdirekin izan zuen lotura. Biriatun bizi izan zen hainbat urtez, eta han pasatzen zituen urteko bolada batzuk. Hildakoan Biriatun hilobiratzeko eskaera utzi zuen idatzita, baina familiak Garentrevillen (Frantzia) hilobiratu zuen, Paristik gertu, 2011n.

La guerre est fini filmean, Yves Montandek jokatzen du Semprunen alter ego-aren pertsonaia, eta bertan ageri da Hendaia (Lapurdi). Muga, 1960ko hamarkadan. Ondo ezagutzen zuen ingurua gidoilariak.

Eta bada, bestetik, Semprunek berak zuzendu zuen dokumental oso interesgarri bat: Les deux mémoires (1974). 36ko gerra galdu ostean, Bidasoa ibaitik iparrera erbestera joan ziren hainbaten lekukotzak jasotzen ditu —frantsesez—. Manuel Irujo nafarra ageri da, esaterako. Eta bada Miarritzen (Lapurdi) grabatutako beste lekukotza hunkigarri bat: Lucio Losa komunistarena. Bere anaiak nola fusilatu zituzten kontatzen du, ahotsa urraturik. Miarritzen bertan hil zen Losa, 1989an. Oroimen historikoaren dokumental ahaztua eta funtsezkoa da Les deux mémoires. Marco-n ez bezala, benetakoa da bertan kontatzen den guztia. Osorik ikus daiteke Youtuben:

Jorge Semprunen Les deux memoires (1974) dokumentala, osorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.