benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Birala

2024ko azaroaren 30a
05:00
Entzun

Aireportuan zain, sakelakoa hartu eta txio bat idatzi dut, erretzaileak zigarro bat pizten duen legez. Gutxira, hegazkinean sartu gara. Aireratu eta handik hiru ordura hegazkinak lur hartu du, lurreratze-trenak pista jan nahi izango balu bezala. Eskerrak gerrikoa jarria dugun. Ez da atsegina izan. Ondoren, bidaiari guztien erreakzioa izan da norbere ahurrak elkarren artean jotzea. Txalo zaparrada entzun da hegazkinean.

Hegazkineko atea ireki da, eskailerak behera orain. Arazoak ditut sakelakoa Internet sarera konektatzeko. Azkenean, hotelera iritsi eta bertako wifi iturritik edan dut. X plataforman sartu eta hamarnaka notifikazio ditut, ez da normala. Duela ordu batzuk idatzitako txio ziztrina birala bihurtu da. Biralegia gauza onerako. Zer demontre gertatu da?

Lehenik, argitu dezagun, zer da mezu biral bat? Hedapen azkarra duen mezua da, jende askok partekatu, komentatu edo erreakzionatzen duena. Terminoa biologiako birus baten hedapena metaforikoki irudikatzeko erabiltzen da. Edukia pertsona batetik bestera modu esponentzialean zabaltzen da.

Jatorrizko txioa aztertzen hasi naiz. Saiatzen ari naiz txio biral horren atzean dagoen ekuazioa askatzen. Ba al da formula edo errezetarik eduki birala sortzeko? Horren inguruko hainbat ikerketa egin direla ikusi dut. 2015ean Marco Guerini eta Jacopo Steiano ikertzaileek argitaratutakoa dugu hemen: emozioen eta biralitatearen arteko erlazioa aztertu dute.

Zein dira mezu biral bat sortzeko gakoak, ikerketaren arabera? Batez ere emozio hauek daude biralitatearekin lotuta: inspirazioa, harridura edo haserrea. Gakoak: gure mezuan arazo bat adierazten badugu, itxaropen puntu bat gehitu behar zaio jendea ekintzara bultzatzeko. Hartzaileak pentsatu behar du bere ekintzek eragin handia dutela. Azkenik, mezuaren alderdi negatibo eta positiboen arteko oreka bat lortu behar da, audientziaren interesa pizteko eta partekatzeko gogoa sustatzeko.

Eta pentsatu dut pilotuek ezagutzen dituztela horrelako ikerketak. Nahita eragiten dituztela lur-hartze gorabeheratsuak, gu haserretu eta, ondoren, bizirik gauden itxaropena izateko. Txalo zaparrada biralak jasotzen txapeldunak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.