Lide Hernando.
'Ekografiak'

Biopicetik harago

2025eko otsailaren 20a
05:00
Entzun

Gaizka Izagirrek duela aste batzuk egin bezala, nik ere ikusi dut Kneecap, Filmin plataforman topa daitekeen Irlandako filma. Izen bereko hip-hop taldearen biopic bat da, eta hala funtzionatzen du bete-betean, baina, hori egin nahiarekin soilik, jada askoz gehiago da: kasik hilda zirudien hizkuntza baten gorazarre frenetiko, kinki eta oso-oso freskoa.

Kneecap taldea Irlandako hip-hop hirukote bat da, gaelikoz abesten duena. Rich Peppiattek zuzendutako filmean, musikariek eurek egiten dute aktore lana —nahiko duin egin ere—, Mo Charak, Moglai Bapek eta DJ Provaik, hain zuzen. Taldearen arrakastarako ibilbide zurrunbilotsua irudikatzen du filmak, eta irudietan erabiltzen den lengoaia ere halakoxea da: zurrunbilotsua, mozketaz betea, zorabiagarria batzuetan. Filmak bere denbora hartzen du taldearen abesti bakoitza kasik bideoklip bihurtzeko, horrek narrazioaren linealtasuna apurtu eta ikuslea apur bat galtzera daramalarik. Aipatu behar dut momentu horietan eta filmean zenbait pasarte hutsaletan agertzen diren animaziozko grafiko horiek ez zaizkidala oso erakargarriak egin; pantailan agertzen ari dena infantilizatzen dutela iruditu zait.

Dena den, ez nioke nik linealtasun faltaren errua botako filmari; biopicetan askotan —gehiegitan, nire gusturako— gertatzen den gauza baita. Bai, ordea, sentsazioa dut alde askotatik Irlandako jendearentzat eginiko filma dela, ez munduan zabaltzekoa; bertan ageri diren erreferentzia asko ulertzea kosta egiten baita Ipar Irlandako gatazkaren atal guztiak ondo ezagutzen ez dituenarentzat. Alde horretatik, alta, kuriosoa egiten da filmak lortu duen sona: BAFTA, Critic’s Choice Awards eta abarretan arrakastatsu irten da, eta horrek asko pozten nau, egia esan.

Irakurritako kritika askok diote errealitatea asko faltsutu dela filmean, espektakuluaren alde. Reppiat aintzatetsiz eta berari barkamena eskatuz, ordea, esango nuke azken finean filma gauza fresko, berritzaile eta kasik urratzaile bihurtzen duena taldearen beraren existentzia eta izaera dela: aztertu beharreko fenomenoa da Belfast mendebaldeko langile klaseko gazte kinki, drogazale eta droga-saltzaile batzuek rapa gaelikoz egiteko hautua egitea bera. Eta hizkuntza gutxituok ospatzekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.