Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Bikoiztua ala originala?

2024ko ekainaren 20a
05:00
Entzun

Bartzelonara bizitzera joan nintzenean hasi nintzen filmak bikoiztu gabe ikusten. Aurten ohartu naiz hamar urte direla ikasturte hartaz; ai ene, denbora berriro ere —denbora une oro, egia esan—. Tira, kontua da orduan hipster deitzen genituen horietako kuadrilla batekin ibiltzen hasi nintzela, eta astero-astero zineforuma antolatzen genuela baten etxean. Eta ontziratu gabeko lekaleak erosi, eta hileko azken larunbatetan rave-etara joatea gustuko zuten bezala, ez ninduen batere harritu zineforumeko film horiek hizkuntza originalean ikusten zituztela jakiteak. Berdin zion filma ingelesez, frantsesez ala koreeraz bazen, pantailaren azpialdea begiak lehortzeraino irakurriz jakin behar zenuen kristalezko laukizuzenaren gainontzeko azaleran zer gertatzen zen.

Aitortu behar dizuet hasiera batean kosta egin zitzaidala joera moderno horretara moldatzea. Eta ulertzen ez duen mundu berria parez pare duen agureak, beste defentsa mekanismorik ezean, egiten duen arrazoi berberagatik erabili nuen irain gisa moderno hitza: ordura artekoa galtzeko beldurragatik. Ez bainengoen prest Doraemonek niretzako Ane Aseginolazaren ahotsa zuela ahazteko, edota Friends-eko Joeyk ¿Cómo va eso? esaten zuela, How you doin’? arrastakariaren ordez.

Denborarekin, ordea, esan daiteke gustua hartu niola filmak hizkuntza originalean ikusteari. Azpitituluak eta irudia osotasunera iritsi gabe irakurri eta ikusteko urgentziazko abilezia bat garatzen da, burmuina lozorro batean erortzea galarazten duena; eta, egiari zor, aktoreen benetako ahotsa ezagutzeak benetakoago egiten ditu euren pertsonaiak. Zeozergatik esaten baita pertsonaia bakoitzaren prestaketaren zati handia hartzen duela haien ahotsa lantzeak, ezta? Horri guztiari, noski, azken abantaila bat ere gehitu beharko litzaioke: denborarekin, hizkuntza ezberdinen ulermen maila ere handituz doala.

Azkenaldian, ordea, nire bikotekideak tarteka bikoizketan lan egiten duelako, edo auskalo zergatik, edukiak bikoiztuta ikustera igaro naiz berriro ere. Aitortu behar da bai Euskal Herrian eta bai Espainian bikoizketaren kalitatea sekulakoa dela. Eskaerak sortzen omen du eskaintza; hortik ondorio batzuk atera daitezke.

Zuk zer nahiago duzu: bikoiztua ala originala?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.