Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Bikoizketaz

2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Netflix Euskaraz, Disney Plus Euskaraz, Zinemak Euskaraz, Pantailak Euskaraz. Modu —zentzu guztietan— ikusgarrian lanean ari diren mugimendu herrikoiak dira: estrategikoak, ezinbestekoak, abangoardia. Hala dira, baina joan dira hilabete parea lerro hauek idazten hasi nintzenetik, eta oraindik ez diet toki nabarmenik eskaini. Susmagarria dela pentsatuko du baten batek, asmo ilun samarren bat dagoela nire hautuaren atzean; eta badaitort, ez dago erabat oker. Auzi garrantzitsua dela jakinagatik, atxikimendu eta txaloak pilatzeko formula aproposa bada ere, aspaldi egin nion uko telebista kritika hizkuntzaren begiradatik soilik eraikitzeari.

Baina, ezkutatzen saiatuta ere, barruan daramadan sasi-soziolinguista euskaltzale kezkatuak gainezka egiten dit tarteka. Hasierako asmoak alboratu eta hizkuntzaren gaiari heltzeko tentazioa gailendu zait gaur. Sukarraldia probestuta, lehen lerroan aipatu ditudan mugimenduek ahotan duten gai bati nahiko nioke begiratu: bikoizketari.

Nazioartean bogan dauden edukiak euskaraz ikusi ahal izateko bideak bi dira: bata, azpidatziak erabiltzea, eta bestea, edukiak euskarara bikoiztea. Bi pausoak dira osagarriak, eta biek dute lekua, modu batera edo bestera, Pantailak Euskaraz-ek sustatu nahi duen eraldaketan. Baina, oro har, merkeagoa eta azkarragoa delakoan, azpidatzietan jartzen da arreta. Ez diru kontuengatik bakarrik: bikoizketa aipatuta, beti dago euskara batuaren hutsuneak aipatuko dituen norbait: «Irudikatzen duzu James Bond putalarru esaten? Cowboy batek diezadakezu aditza erabiliko luke?»

Pellokeriak besterik ez dira, baina uste baino fededun gehiago dituztenak. Argudiatu daiteke uste horien kontra, zabal eta luze. Baina podcasten loraldiak azken urtean egin digun oparietako bat aipatzea nahikoa behar luke: Ulu mediak dozena bat aktore eta bikoiztailerekin ondu duen Artxipelagoa podcast serie distopikoa bikoizketaren aldeko argudio biribilena baita. Irudien premiarik gabe, ahotsen bidez, xehetasunez jositako mundua eraiki dute. Euskarazko bikoizketa izan daiteke naturala eta erakargarria; ahots eta profesional bikainak baditugu urrutira joan gabe. Baina gidoilari ikuspegia duten itzultzaileak, aktore zuzendaritza fina eta ondo zaindutako lantaldea behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.