Bi zatitan banaturiko dokumental honek azken urteotako kasurik misteriotsuenetako bat azaltzen du eta lehen unetik sofara itsatsita mantenduko zaitu. Argitu gabeko krimen baten kontakizuna da, ezinezkoa dirudien suizidio batez eta ondorio lazgarriak dituen polizia intriga batez mozorrotuta dagoena. Baina, batez ere, egia ezagutzeko borrokatzeko prest dagoen familia baten istorioa du oinarri. Suediara garamatza kontakizunak eta Miguel Angel Martínez getxoztarraren kasu bitxi eta iluna ezagutuko dugu. 2005eko irailaren 29ko gauean hasiko da guztia, Blanca Martinezek berari eta familiari bizitza betiko aldatuko dien dei bat jasotzean: esango diote Miguel Angel Martínez anaiaren gorpua Suediako fiordo batean aurkitu dutela, etxetik 3.000 kilometrora eta deskonposizio egoera nahiko aurreratuan. Une horretatik aurrera, familiak, enigma eta irregulartasun harrigarri batzuei egin beharko die aurre: lekuko garrantzitsu bat desagertu egin da arrastorik utzi gabe; gorpuak uretan asteak eman ondoren, Miguel Angelen NANaren fotokopia osorik eta egoera nahiko onean aurkituko dute haren poltsikoan, eta gainera, egindako bi autopsiek, Suedian bata eta Britainian bestea, emaitza kontrajarriak dituzte. Ferran Barber kazetaria, gai sozialetan eta nazioarteko gatazketan espezializatua, funtsezko pieza izan da auziaren ikerketan, eta dokumentalaren narrazioan ere gakoa izango da.
Itxura formala nahiko sinplea da, baina horrelakoetan «gutxiago gehiago da» interesgarriagoa iruditzen zait; azken boladan edukia baztertzen duten eta mami gutxiko ekoizpen ikusgarriak egiten dituzten izenburu gehiegi daude. Gainera, era honetako lanetan, sarritan, krimenean eta morboan soilik arakatzeko ohitura egoten da; hemen ustezko hilketan sakontzen da jakina, baina kazetaritza ikuspegia ere badago, eta horrek zorroztasunez elikatzen du guztia. Hala ere, izen bat nabarmendu beharko banu, Blanca Martínez arrebarena izango litzateke. Urte hauetan guztietan erakutsi duen adorea, indarra eta egia argitzeko grina miresgarriak iruditzen zaizkit.Oraindik gogoan ditut 2016an Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean, jaurti zituen hitzak anaiaren exhumazioa ukatu ziotenean: «Bakardadea, utzikeria instituzionala. Ikusezinak gara».