urtzi urkizu
Ikus-entzunezkoak

Bideoklip bat (gara)

2024ko ekainaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Izaro Andresek kantatzen du badatorrela Udara, udara. Eta Maite Larbururi egin beharko zaio kasu: jantzi, beraz, Gona. Olatz Salvadorrek iradoki du jateko izozki bat —edo beste zerbait—, eguneko Azken eguzki printzak sentitzean. Inoiz ez da jakiten halako bideoklip batek noiz joko duen goia: pentsa, Huntza taldekoen Aldapan gora-k 20 milioi ikustaldi lortu ditu Youtuben. Huntzako kantaria zen Josune Arakistain, eta orain Sune da, eta abesten du enborretan dagoela bizitza: Lau korapilo. Halako batean, J Martina taldekoek deabruarekin Paktua egiten dute. Baina Merina Grisekoek esana zuten Ardi Latxen Herrianbizi garela. Egoera horretan, zer hobe Habanera bat baino, Amoranteren doinuz. Edonola ere, adi entzun Monsieur Lecrepe, argi esaten baitu: «Zaindu baratza, eta ahaztu modak». Badator txosna garaia, badatoz sanjoanak, Beste behin (Bengo), eta zer hobe Beleren eta Rakel Arenazaren erritmora dantza egitea baino. «Hitzak soberan daude...», Uff.

Beleren eta Rakel Arenazaren 'Uff' bideoklipa.

Har dezagun 2023-2024ko ikasturtea. Euskal taldeek zenbat bideoklip plazaratu dituzte? Badok atarian jasoak daude irailetik hona zabaldu diren 70 musika bideo baino gehiago. Sekulakoa da Euskal Herrian eta euskaraz bideoklipetan dagoen sorkuntza. Lander Arretxea gidoilari eta kazetariak berriki bideoklipen mundua aztertu du bi erreportajetan, Argia aldizkarian. Arriguri taldeak bideoklipekin egindako bidea jasotzen du, esaterako, lehen erreportajean. Dozenaka bideoklip erakargarri egin ditu talde horrek. Besteak beste, Odei Barroso mintzo da bigarren erreportajean. «Bideoak balio badu gure mezua eta izaera toki gehiagotara zabaltzeko, baliatu nahi dut, kontraesanekin bada ere», dio zintzotasunez Barrosok. Ederrak ziren 2Zio taldean egiten zituen bideoklipak. Baita bakarka edo lagunduta ere. La Furia kantariarekin egindako Erro bideoklipa da ahalegin horren adibide bat. Eta beste talde batzuentzat ere aritzen da bideoklipak egiten bertsolari eta rap kantaria. Auhen taldearen Bizi kantarekin egindako bideoklipak merezi zuen baino arreta gutxiago jaso du lar hauetan, ziur aski. «Lehen nola orai, akatsak ere dohai, hortara doa nornahi...».

Auhen taldearen eta Odei Barrosoren 'Bizi' bideoklipa.

Badira, gainera, bideoklipak gozatzeko askotariko moduak. Sakelako telefono batean ikus daiteke, noski, bideoklip bat edozein oporretako txokotan. Eta bada esperientzia bat oraindik hobea: bideoklipak zinemako pantaila handi batean ikustea. Gutxitan izaten da horretarako aukera, baina duela bospasei urte horretarako aukera eman zuten Oiartzualdeko (Gipuzkoa) Muskulo taldekoek —taldea desegin zen, baina sorkuntzan jarraitzen dute musikariek—. Talde horren bideoklipetako bat Euliaren azken hegaldia da. Lau minutu eta erdiko film labur gisan ere bikain funtzionatzen du.

Muskulo taldearen 'Euliaren azken hegaldia'.

Muskulo taldekoen gertukoa da Hatxe musikaria. Harribitxi harrigarri bat da Hatxeren Panpina bideoklipa. «Ospa dezakegun ez dakit zer, botaidazu ardoa gainera», kantatzen dute bideoklip horretan. Abestiaren esaldi hori gustukoa izango dute ziur aski Kau Kori Kura taldekoek. Umorezko bideoklipak egiten talde iaiorik bada, Kau Kori Kura da. Egunotan azterketak zuzentzen dabiltzan irakasleentzat eta noten zain dauden ikasleentzat, zer hobe haien Ikasleen nota berriak proposamena baino.

'Ikasleen nota berriak', Kau Kori Kuraren bideoklipa.

Ez dirudi bideoklip irudimentsuak egiteko joera berehalakoan apalduko denik. Uda honetan iritsiko dira berriak. Eta helduko dira ikastolen aldeko jaien bideoklipak, jaiekin lotutakoak, elkartasun bideoklipak, Euskaraldiarenak eta Korrikarenak, Go!azen telesailarenak eta artisten arteko elkarlanetik sorturikoak. Udazkenean iritsiko ote da Eneritz Furyak musikariaren disko berriko kanten bideoklipen bat ere? Lehen kanta Argia dela jakinarazi berri du.

Ezinezkoa da jakitea zer gehiago ekarriko duen euskal bideoklipgintzak. Baina pantailetatik begiak altxatu, eta Eromeria-n bizitzeko asteak datoz. Azken bideoklip horretan bezala, ziur nonbait topatuko duzuela DJ Bull. Gozatu uda!

Dupla, Tapia eta Leturia 'Eromeria' bideoklipean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.