urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Bidasoan

2025eko apirilaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Iruditzen zaizu pertsona bat lagunduz egoera aldatuko duzula?», galdetzen dio Sambouk (Sambou Diaby) Laida bikotekideari (Jone Laspiur). «Pertsona bat laguntzea gutxi iruditzen al zaizu?», Laidaren erantzuna.Faisaien irla fikziozko filma Euskal Herrian proiektatu dute aurrenekoz: Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian eman zuten ostiral iluntzean, Viktoria Eugenia antzokian. Goteborgeko, Malagako eta Bartzelonako D'A jaialdietan ikusi ahal izan da, eta hilaren 23an Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako aretoetan estreinatuko dute; Hego Euskal Herriko aretoetan, hilaren 25ean. Hala behar luke euskarazko beste pelikulekin ere: aste berean estreinatzea zazpi lurraldeetan.

Badu mamia Asier Urbieta zinemagilearen —Altsasu telesaila— lehen film luzeak, eta baditu hari muturrak solastatzeko. Bidasoa ibaian muga zeharkatzeko ahaleginean hil diren migranteak ditu jomuga zintak, eta haiei egindako omenaldia ere bada ekoizpena. Jakina da Afrikatik datozen migranteentzat muga zorrotz bat dela Santiago zubia, Irundik (Gipuzkoa) Hendaiarako (Lapurdi) bidean, nahiz eta euskaldunontzat ez den halakorik. Istorioa samurtasunez kontatzen du Urbietak, hezur-haragizkoak dira pertsonaiak, eta nahikoa sinesgarri egiten da bertan ageri dena.

'Faisanen irla' filma. Zuzendaria: Asier Urbieta.
Itziar Ituño eta Jone Laspiur aktoreak, 'Faisaien irla' filmean. NICOLAS DE ASSAS

Laida eta Sambou Hendaian (Lapurdi) bizi dira, eta Bidasoa ibaiaren ertzetik dabiltza joan-etorrian. Egoera kritiko batean, bakoitzak modu desberdinean jokatuko du. Eta filmak egiten duen galdera errepikatzen da istorioan zehar: «Zer egingo zenuke migrante bat arriskuan ikusiko bazenu?». Hor da muina, baina gaiak baditu ertz gehiago, noski. Azalean gelditzen dira ertz batzuk, baina kontuan hartu beharrekoa da Faisaien irla ez dela dokumental bat; are gehiago, Fermin Muguruzak duela bi urte eskas Bidasoa 2018-2023 dokumentala egin izanak osatzen du neurri batean orain heldu den fikzioa —Primeran plataforman ikus daiteke Muguruzaren lana—.

Frantziako Gobernuak Euskal Herriko mugako kontrolak gogortzeak migratzaileengan izan dituen ondorioak aztertu dituzte, halaber, kalitate handiko bi podcastetan: Naiz irratiaren Bideak eta Ulu Mediaren Harresi ikusezina. Gaian sakondu nahi duenarentzat, doan daude entzungai.

Urbietaren fikziozko pelikulara itzulita, arlo teknikoak nahikoa txukun zainduta daude. Ez da izango ziur aski aurrekontu handiko film bat, baina ez zaio nabari ahulezia askorik baliabideei dagokienez. Jone Laspiur aktorearen interpretazioa goraipatzeko modukoa da, eta nahiz eta beste roletan ari direnak ere txukun ari diren, Laspiurrek eusten dio pisu dramatiko handieneko eszenei. Fin dabil Sambou Diaby ere.

'Faisanen irla' filma. Zuzendaria: Asier Urbieta.
Jone Laspiur aktorea, 'Faisaien irla' filmean. NICOLAS DE ASSAS

Garrantzitsua da gaia ahanzturan ez gelditzea, eta filma bera egin izana nabarmendu beharrekoa da. Akaso, ez da guztiz biribila. Eta baditu momentu batzuk, non erritmoa jaisten den. Edo izan ditzake gabezia batzuk kontakizunean zein gaiari merezi duen sakontasuna emateko orduan. Esaldi batzuk fortzatuegi ote dauden... Hala eta guztiz ere, ikusi beharreko lana da Faisaien irla. Eta Urbietak hurrengo filmetan aurrerapauso handiagoak emango dituen itxaropena bizirik dago.

'Minecraft' euskaraz

Iritsiko dira euskarazko film gehiago aretoetara datozen hilabeteetan. Eta, tarteka, haurrentzako filmen bat euskarara bikoiztuta ere helduko da zinema gela komertzialetara, Zineuskadiren eskutik. A Minecraft Movie, esaterako, Hego Euskal Herriko hainbat aretotan euskaraz ere estreinatu zuten ostiralean. Pantailak Euskaraz mugimenduak pozez hartu du Minecraft bideojoko arrakastatsuan oinarritutako lana euskaraz estreinatu izana.

Baina, mila aldiz errepikatutakoa berriro lerro hauetara: helduentzako filmik ez dute bikoizten euskarara. Ez, bederen, aretoetan proiektatzeko.

Herri ekimenari esker, bestalde, Kneecap film zoragarria  —Irlandako gaelikoz eta ingelesez da— euskarazko azpidatziekin ikus daiteke orain Filmin ordainpeko plataforman. Pantailaldian, berriz, hainbat herritan eta hiritan emango dute Kneecap, euskarazko azpidatziekin. Pantailaldiari buruzko xehetasunak aurki jakingo dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.