Aurreko astean Kanaria uharteetatik itzuli nintzen, baina nire burua artxipelago hartako uharte batean geratu da. El Hierro uhartea ezagutu dut, eta maitemindua itzuli naiz. Uharte horrek paraje ikaragarriak ditu, eta igerileku natural apartak aurkitu ditut bertan. Itsasoaz gain, baso itxiak ditu uharteak, eta itsaso hondoa ikusi ostean, mendira igotzeko tartea oso txikia da. Kontrastez beteriko uharte horretan zerbait berezia ere aurkitu dut: Hierro telesailaren kartel piloa. Afixa horiek telesailaren eszenak grabatutako tokietan ikusi ditut, eta bertan eszenetako esaldi batzuk agertzen dira.
Afixak ikustean telesail horren garrantziaz pentsatzen jarri nintzen. El Hierro uhartearen biztanleria 11.154 pertsonakoa da. Hernanik baino biztanle gutxiago ditu uharte osoak. Eta beraien ekonomia turismoan, nekazaritzan, abeltzaintzan eta arrantzan oinarritzen da. Turismoa hain garrantzitsua izanik, Hierro telesailaren garrantzia nolakoa izan den jakin nahi nuen. Uharteko turismo zerbitzuaren arabera, telesailak uharteko zerbitzuak kolapsatzea ekarri zuen hilabete batzuetan. Telesaila 2019ko udan estreinatu zuten, eta nahiz eta 2020. urtea turismoarentzat ez zen oso ona izan, urte hartan iritsitako turisten %80 telesailaren eszenatokiak bilatzera joan ziren. Uharteko denda batzuek telesailaren arrakasta nabaritu zuten; besteak beste, telesailean agertzen den okindegiko jabeak bisita asko izan zituen telesailaren arrakastaren ondorioz. Argi dago: telesailak uhartearen ekonomian eragin handia izan du.
Telebistan ikusten duguna gustuko badugu, paraje horiek bilatzera joaten gara ikusle asko. Hierro telesailak eragindakoa ez da apartekoa. Antzeko zerbait gertatu zen Doctor Mateo telesailean agertzen zen Lastres herrian (Espainia) edo gertuago izan dugun Gaztelugatxe eta Game of Thrones fenomenoarekin. Telebistaren aurrean orduak ematen ditugunoi pantailatik begirada ez dugula altxatzen esaten digute batzuek, baina agian pantailan ikusten duguna hurrengo bidairako inspirazio izan daiteke. Udan sartuak gaude, eta askok pantaila txikia itzaliko dute. Urtean zehar ikusi dutena bilatzera joango dira batzuk. Nork daki, agian aste honetan hasiko duzun telesailak zure hurrengo oporren helmuga ezar dezake.
EKOGRAFIAK
Bidaiatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu