Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Bidaiariak

2024ko otsailaren 18a
05:00
Entzun

Elkarrizketa batean irakurri nion pertsona ospetsu bati gaztea zenean bidaiatzeko grina eta denbora zituela, baina sosik ez; heldutasunean, berriz, dirua bai, baina denbora falta zitzaiola. Erretiroa hartzear dagoen bati galdetuta, lana utzi eta geroko planen artean bidaiatzearena sartzen da, oporraldi zehatz batean egiteko derrigortasunetik aske eta adinaren ajeak uxatzeko gogoz. Bada, haien artean hau idazten dudan hau, ahal dugunean, ohikotasunetik atera eta abiatzen gara, etxetik hurbil zein urrutiko ametsetako plaza horretara, eta askotan bidaia bera da zirrara eragiten diguna, eta helmuga, aldiz, aitzakia.

Hurrengo ihesaldia noiz egin ahalko dudan zain, besteek egindako bidaiez gozatzea geratzen zait. Bereziki gustuko ditut bisitatzeko zailak iruditzen zaizkidan tokietara joan direnen kontakizunak, edo sekula egiteko asmorik ez ditudan txirrindula-bidaien azalpenak edo gazteago banintz akaso egingo nituzkeenak entzutea; bidaia katalogoetan agertzen ez direnak, alegia. Hala ere, gertuagokoak ere aditzen ditut, denbora izango dudanean egin beharrekoen agendan zerrendatzeko…

Hori eskaintzen dute Tolosaldeko Ataria irratian ematen duten Postalak saioan: galdutako paradisuetako bidaiek zein inguruko tokiak ezagutzeko txangoek lekua baitute bertan, nonbait une zehatz batean jasotako argazki batetik abiatuta. Ez nuen imajinatzen hainbeste bidaiari zeudela Gipuzkoako eskualde horretan, baina Iker Iriarte, Iosu Iztueta, Ura Iturralde, Unai Ugartemendia, Fabi Jubin edo Agurtzane Belauntzaran dira munduan zehar ibilitakoak, eta horiek guztiak —eta gehiago— pasatu dira tokiko irrati horretako mikrofonoetatik. Urteak daramatza saioa antenan —pandemian ere ez zion bidaiari uko egin—, eta pertsona batek egindako bidaiaren inguruko atal moduan jaio zena, 2021ean aldatu eta lagunen artean solasaldia da gaur.

Formatu klasikoagoa du, berriz, Alba Cabreraren gidaritzapean, Naiz Irratian asteazkenero eskaintzen den Bidaiari saioak. Lehenengo pertsonan, gonbidatuak egindako ibilbidea azaltzen du, entzuleak irudimenarekin bidaiatzeko eskaintza emanez. Ez dakit kasualitatea den, baina 2022ko urrian saioa abiatu zenean, lehenengo bidaiaria Lurgi Zalakain billabonatarra izan zen. Egia esan, Tolosaldea ez zait leku txarra bisitatzeko, eta, nork daki, beharbada hortik errazago dut munduratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.