Fran Lebowitz idazle estatubatuarrak sarritan esan du: «Nostalgia kulturaren barruan pozoia besterik ez da». Neurri batean, bat nator Lebowitzekin, baina pertsonalki maite dut nire Delorean partikularrean iraganera bidaia egin eta noizean behin nostalgiaren aparretan galtzea; esperientziak, ezagutzen dugun horrek, segurtasun sentsazioa ematen digu. Badakigu zer gertatu zen, eta ekintzak gure buruan berreraiki ditzakegu behin eta berriro. Nostalgia positibotzat gogoratzen ditugun esperientziak gogora ekartzeko erabiltzen dugun mekanismo bat besterik ez da. Ez dut uste orainari begiak itxita aurre egiten diogunik, edota iraganean ezkutatzen ari garenik; oroitzapen samurretara bidaiatzen dugu etorkizunari ahalik eta aldarte baikorrenean heltzeko asmoz. Besterik ez.
Oroitzapen berezi horien artean telesailak eta filmak ere ageri dira. Streaming plataformen eta sare sozialen gorakadak saio enblematikoen suspertzea erraztu du, ikusleengan arrastoa utzi zuten istorioak eta pertsonaiak berpizteko leiho ezin hobea eskaintzen dute. Azken urteotan, telesail klasikoen eta film ikonikoen berrelkartzeak kultur fenomeno bihurtu dira, eta zaleen arreta bereganatu dute mundu osoan: Harry Potter, The Goonies, Saved by the Bell, Love Actually, The Fresh Prince of Bel-Air eta abar. Zerrenda luzea da, eta aktore eta sortzaileen arteko elkartze horiek sare sozial eta komunikabide askotako lerroburuak bete dituzte, oso arrakastatsuak izaten dira.
Bilera ezin sinpleagoak izaten dira eta sarritan oso aspergarriak, baina zerbait berezia dute; gure bizitza zinematografikoaren parte izan diren aurpegi horiek berriro ikusteak zirrara moduko bat eragiten du.
Baliabide emozionala izateaz gain, negozio eredu ere badira; kide berriak erakartzeko duten gaitasunaz jabetuta, joera hori indartzen ari dira. Friends-en kasuan, adibidez, HBO Maxen eragin mediatiko handia sortzeaz gain, harpidetza berriak ere bultzatu zituen.
Telebistak iraganerako zubi bilakatzeko gaitasuna du; seguru, zoriontsu edo, besterik gabe, helduen arduretatik at sentitzen ginen garaira eramaten gaitu. Horregatik, berrelkartzeek, trama eta pertsonaia zaharrak berpizteaz gain, kidetasun eta etxekotasun sentsazioak ere pizten dituzte.