Lide Hernando.
'Ekografiak'

Bi irtenbide

2025eko apirilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Urte gutxian, AAk gidatutako aparatu eta tresnak gure egunerokotasunaren parte izatera igaro dira; potentzia ekonomiko eta kultural diren herrialdeetan agintaritzara iritsi diren teknokrata milioidunak izugarri ugaritu dira, eta sare sozialetan meme gisa mugitzen hasi zen eskuin muturrak aparrak bezala egin du gora errealitate gordinean. Esan daiteke, beraz, duela hamarkada pasatxo fikzioan generabilkien distopia urrun hura besoa luzatuz hatz puntekin ukitu dezakegula gaur, eta horrek zail jartzen die Charlie Brooker eta halako sortzaileei ideia berri eta eroekin ikuslea harritzea. Hori guztia esanda ere, Black Mirror telesail antologikoaren zazpigarren denboraldiak aurreko biak gainditu dituela esango nuke, eta oso interesgarriak diren zazpi atal berri utzi dizkigula.

Gogoan dut garai batean Black Mirror nire telesail gogokoena izan zela. Jantzi teknologikoz mozorrotuta ere, ataletako istorioek bere oinarrian giza morala jartzen dute beti, eta bitxia da ze, analizatzen hasita, pertsonaiek bi irtenbide besterik ez dutela iradokitzen digute: moral purua dutenak gizartearen aldaketa anker hauen aurrean galtzen ateratzen dira; moral ustela dutenek, ordea, euren hasierako helburua lortzen dute, baina bidean hilotzak utzita eta kontzientziari pisua gehituta.

Horren adibide dira, hain zuzen, zazpigarren denboraldiko lehen bi atalak. Lehenengoak telefono konpainien finantzaketa metodo agresiboaren satira zorrotza egiten du, konpainia horien lekuan giza bizitzarekin zuzenean lotutako beste zerbitzu bat jarriz; eta istorioan garraiatzen gaituzten bi protagonisten izaera puruak ondoriorik okerrenak bizitzera daramatza. Bigarren atalak, aldiz, mendekua hartu nahi duen pertsona baten istorioa kontatzen du, eta ez berak ezta bere biktima izango denak ere moral pururik ez izateak arestian aipatutako eraginak izango ditu.

Gainontzeko bost atalek ere zer pentsatua ematen dute, noski: batek zinema klasikora eramango gaitu —San Junipero gogoraraziz baina ez bere parera iritsiz—, beste batek Paul Giamattiren sentsibilitateaz gozatzeko aukera; eta beste bik bideojokoen mundura eramango gaituzte, azkenekoarekin Black Mirror-en inoiz egin gabekoa eginez: ikusleari iraganean kutuna izandako USS Calister atalaren bigarren zatia oparitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.