Lide Hernando.
'Ekografiak'

Bi aurpegiak harmonian

2025eko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun

Utzi berri dugun urteko telesail onenen zerrendetan Donald Gloverren —Childish Gambino raperoa bezala ere ezaguna— Mr. and Mrs. Smith zegoela ikusteak bere lehenago telesail goraipatu batera joateko behin betiko aitzakia eman dit. Honekin ez dut esan nahi hau gertatu baino lehenago ez nuela Atlanta ikusteko gogorik, baina tira; bizitzaren zurrunbiloa urtero ateratzen den telesail andanarekin kontziliatzeko arazoak, badakizue.

Atlanta 2016. urtean Hiro Murai zuzendariaren laguntzaz Donald Gloverrek sortutako telesaila da. Disney Plus plataforman ikus daiteke, eta lau denboraldi ditu jada. Istorioak Earn eta Al Paper Boy lehengusuen bizitza kontatzen du; lehena, haur baten aita, diruz oso larri dabil, eta bigarrena, droga-trafikatzailea izateaz gain, rap-abeslaria da. Diru-iturri paregabea aurreikusiz, Earnek lehengusuari bere karrera artistikoa eramango duen managerra izateko eskaintza egiten dio, eta horren inguruan orbitatzen du telesailak.

Komedia da, baina drama ere bai; errealista da, baina surrealista ere bai; arina da, baina burutsua ere bai; elegantea da, baina zatarra ere bai. Eta ilargiaren bi aurpegi horien arteko joko etengabeak, zehaztasunik gabeko lan bat eskaini beharrean, oso inteligentea iruditu zaidan estilo bat planteatzen du, freskoa eta azken urteetako ekoizpenetan topatzea zaila dena: harrigarria. Egia da lehenengo lauzpabost atalek ez dutela erakargarritasuna oso ongi lantzen: badirudi istorioak ez duela aurrera egiten, pertsonaien izaerak eta testuinguruak aztertzeko baliatzen baitira zenbait atal, ikuslea inora eraman gabe. Baina lehen denboraldiaren erditik aurrera, erritmoa hartzen doa, harik eta azkenaldian ikusi dudan gauzarik bikainenetarikoa bihurtu arte. Komunitate afro-amerikar handia duen Atlanta hiriburuan kokatua egonik, gainera, beltzek zurien mundua ikusteko duten modua oso era satirikoan erakusten du telesailak, sarritan deserosotasunez barre egitera eramango zaituzten momentuak eskainiz —zuria bazara—.

Nola edo hala, Donald Gloverrekin zerikusia duen guztiari aukera bat emateko beste arrazoi bat eskaintzen du Atlanta lanak. Honen ostean, noski, 2024an kritikariek hainbeste goraipatu duten Mr. And Mrs. Smith filmean oinarritutako telesaila ere ikusi beharko dut!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.