Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

...beti alai!

2025eko urtarrilaren 19a
05:00
Entzun

Sebastian bat bada zeruan»... Egun handia donostiarrontzat, kanpoan bizi garenontzat ere bai; askotan lagun bizkaitarrek ulertzen ez duten festa da. Zer zerikusi du horrek irratiarekin? Gaur zuzenean ikus-entzun ahal izango dugu telebistatik, baina garai batean irratitik jarraitzen nuen bandera-igotzea Konstin ezin nuenean, adinagatik uzten ez zidatelako bereziki.

San Sebastian irrati-gau bat gordea dut nire historiaren soinu-bandan, 1977koa, alegia. Ikurrina legalizatu zen, eta zirraraz itxaroten ari ginen, igoeran lehenengo aldiz jasoko baitzen. 12 urte nituen orduan, eta ahizpekin partekatu nuen une gogoangarri hura, irratiari pega-pega eginda, eta ez soilik gertaera historiko baten aurrean geundelako. Izan ere, ama jostuna zen eta lagun bati Gabonetan zer oparitu ez zekiela, elkarteko afarian eramateko amantal berezia egin zion, ikurrinarekin. Horren harira, gure etxea ikurrindun amantalen tailerra bihurtu zen, jende askok enkargu egin baitzion amari. Beraz, urduritasun puntu bat ere bagenuen...

Beste zuzeneko batzuk ere baditut gordeta nire bizitzaren istorioan: transistoreen gaua deituriko 23 F delakoa, edo Egunkaria-ren itxierarena, azken hori ikasleekin jarraitu nuena, irrati-eskola nuela aprobetxatuta. Zuzenean bizi ez, baina grabaturikoa ere badut Iruñeko Eguzki Irratiaren itxiera. Ikasgelan erabili ohi ditut audio-dokumentu horiek, baina testuingurua azaldu behar diet ikasleei, gehienak gertaera horien ondoren jaio direlako.

Hori gertatzen zait batzuetan podcastekin; zuzenekoak balira bezala grabatuta daudela, eta bat-batean ez dudala erreparatzen duela hilabeteak igaro den gertaera batez ari direla. Horrela izan da Euskalerria Irratian Ongi Egiten Dugu Iruñekoak Izateko podcasta entzuten hastean. Hirugarren denboraldiaren zain geratzen naiz, oso dibertigarria eta freskoa iruditu baitzait, duela urtebeteko «zuzenekoak» entzun ditudan arren.

Aitorpen bat zor dut Patiyoko Atzuak saioari buruz egin nuen hanka-sartze baten inguruan: ez nintzen konturatu Deforme Semanal-en hasieran joateko gonbitaren berria abenduaren 28an egindako saioan esan zutela. Hori bai, berriz ere semeek La Ruina podcasta zuzenean ikustera gonbidatzen nautenean, badut zer azaldu. Bitartean... Gu beti pozik, beti alai! 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.