Andoni Egañak igandeko zutabean esan zigun orain arte sanferminetako entzierroak aitaren batean gertatzen zirela iruditzen zitzaiola. Larunbatean ikusi omen zuen aurtengo lehena, eta luze iruditu hura. Haren hitzak irakurri artean ez nintzen ohartu aurten nik ez dudala bakarra ikusi. Arraroa da hori nigan. Txikitan, etxean, udalekuetan, lanera joan aurretik, hainbat lekutan ikusi izan ditut, urtea joan eta etorri. Ohitura, nik uste, Olinpiar Jokoen edo gizonezkoen futboleko Munduko Koparen parekoa dela nigan: txikitako oroitzapen goxoak eta udara usaina ekarri izan dizkit. 2018an, itxuraz, inkontzienteak oroitzapen horiei uko egitera eraman nau, ohartu ere ez bainaiz egin ohiturari huts egin diodala.
Pentsatzen hasita, nahigabeko aldaketaren arrazoi bakarra bururatu zait: entzierroan, lehen, korrikalariengan jarri ohi nuela begia, haien ausardian eta merituan; orain, ordea, ezin dut burutik kendu zezenek arratsaldean izango duten azken krudela. Ez da berria sentsazio hori nigan, baina uste dut poliki-poliki ohitura aldatzera eraman nauela. Izan ere, atzo goizean, lanera abiatu aurretik, etxe azpiko tabernan kafea eskatu nuen. Bost minutu falta ziren entzierroaren ordurako. Kikara hartu eta tabernatik kanpora egin nuen. Eta, entzierroak iraun zituen bi minutu eta erdi horiek, pantailari begira zegoen zegoen jendeari so egin nituen. Langileak zereginak eten zituen, taberna betetzen zuten bezeroek hizketari utzi zioten, ai, ai, ai, eta ui, ui, ui... Tabernaren kanpoko kristaldegia oinezkoz bete zen, haien bidea une batez utzi eta pantailari begiratzeko.
Ez du alferrik egiten RTVEk sekulako erakustaldia. Entzierroaren ibilbideak dauzkan 875 metroetan, 27 kamera jartzen dituzte. Aurten, lehen aldiz, tirolina kamera bat jarri dute Santo Domingoko aldapan. Sarean, errealitate birtuala ere jarri dute lanean, ikus-entzuleen eskura. Hori dena, goizero, ordu eta laurdeneko zuzeneko emankizunarekin: entzierroa, erreportajeak, elkarrizketak, laburpenak, analisiak... Ez dakit nola ez zaidan askorik interesatzen kontatzeko daukatena, atzo ikus-entzuleen %71 haien emankizunari loturik bazeuden.
Agian, gaur, bihar, etzi eta etzidamu, tabernara inguratuko naiz, eta nire ikuskizun propioaz gozatuko dut, hainbesterainoko erakustaldia egin gabe.
EKOGRAFIAK
Bestelako entzierroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu