Stephen King idazleak ondutako obra zabala askotan izan da telebistarako moldatua —aurreko artikuluren batean, haren liburu batean oinarritutako The outsider telesailaz hitz egin nuen, esaterako—. Etxean ikusi dugun azken telesaila haren eleberri batean oinarritutako beste moldaketa bat izan da. 11.22.63 du izena 2016ko lan horrek, James Franco du protagonista, eta Amazon Prime Videon topa daiteke.
Idazle estatubatuarrarengan ohikoa den gisan, zientzia fikzioan eta fantasian oinarritutako istorio bat kontatzen du 11.22.63 telesailak. Lan honetan, ordea, King ezaguna egin duen terrorea drama historikoarekin ordezkatzen da. Hain zuzen ere, izenburuak data bati egiten dio erreferentzia; Ameriketako Estatu Batuetako historian interesa duen orori ezaguna egingo zaion data bat, alegia: Dallasen JFK hil zuten eguna.
Laburtuz, Francok gorpuztutako Jake Epping literatura irakasleak bere lagun tabernari baten hil aurretiko azken eskakizun bat jasotzen du: bere kafetegian dagoen armairu batean sartu, 1960ko hamarkadara bidaiatu eta JFK lehendakariaren hilketa eragoztea. Telesailaren trailerra ikustean, gauza oro egin zitzaidan erakargarri: denbora bidaiak, JFK-ren erailketaren inguruko konspirazioak, 1960ko hamarkadako estetika. Behin ikusten hasita, ordea, gauza batzuk gustatu zaizkidan arren, egia da istorioaren efektu goseak logika galtzen duela puntu askotan.
Badakigu estatubatuarrak oso estatubatuar direla. Beren herrialdea munduaren erdigune kontsideratzeko apeta gogaikarria dutela. Baina hala ere; 60ko urteetara soilik eraman zaitzakeen armairu bat topatuz gero, JFK presidentea heriotzatik salbatzea al da egin daitekeen gauza bakarra? Tira, agian hala izango litzateke estatubatuar baten kasuan; niri, ordea, beste hamaika gauza garrantzitsuago bururatzen zaizkit egiteko, esango ez ditudanak.
Imajinatzen dut zientzia fikziozko eduki sinesgarriak sortzea ez dela gauza erraza. Askotan, gainera, ez da hori euren helburua; baizik eta gogoeta sakonago batzuk sustatzea batzuetan, eta entretenimendu hutsa eragitea, beste gehienetan. Baina, zer esango dizuet, nik asko –gehiegi, agian– sinesten dut idazleen eta irakurleen arteko konfiantzazko paktuan. Eta telesail honek, entretenimendurako tartea eskaini bai, baina konfiantza handirik ez dit eman.