gaizka izagirre
'Ekografiak'

Berriz ‘Irati’ (eta zeinen pozik)

2024ko urriaren 16a
05:00
Entzun

Badira gustuko ditudan ikus-entzunezko batzuk, zenbat eta gehiagotan ikusi, orduan eta gutxiago gustatzen zaizkidanak. Ikustaldiek kalte egiten dieten filmak dira. Irati-rekin, ordea, kontrakoa gertatu zait; Primeran-en jarri dutela aprobetxatuz, hirugarrenez ikusi dut: ze gozatua!

Ezpata eta sorginkeria deituriko azpigeneroari, batailei, abenturei, munstroei eta bereziki desberdinak diren guztiei eskainitako film ederra osatu du Paul Urkijok; euskal naturari eta mitologiari idatziko maitasun-gutun zoragarria. Filma VIII. mendeko euskal Pirinioan girotuta dago. Erdi Aroko garai ilun baina liluragarri horretan, erlijio hegemonikoak (kristautasuna eta islama) aurrez aurre daude, borrokan, eta sinesmen paganoak desagerrarazten ari dira, naturari loturiko izaki ezkutuekin batera. Protagonista Eneko izeneko noble gazte bat da, zeinak ibarjaun izateko balio duela erakutsi beharko duen. Hori lortzeko, antzinako izaki mitologikoz beteriko mundu bitxi eta misteriotsu batean murgilduko da, eta, horretarako, ezinbestekoa izango du Irati izeneko gazte pagano baten laguntza. Gidoia osatzeko, Urjikok, komikitik elikatu bada ere, izaki mitologikoak dauden unetik, zenbait lizentzia hartu ditu. Komikian nagusitasun berezirik ez duen Mariren pertsonaiak, adibidez, indar berezia du kontakizunean. Amalurraren pertsonifikazio gorena da, eta antropologikoki ere, garai indoeuroparra baino lehenago zegoen erlijio matriarkal baten arrastoa. Akerbeltz, Sugaar, Gentilak, Tartalo, Zezengorri, Lamiak…. Pertsonaia mitologiko horiekin, besteak beste, euskal mitologia gertutik ezagutzeko aukera ematen digu, euskal gizarteak naturarekin eta haren sinesmen zaharrenekin duen harremanari balioa emanez.

Euskaraz egindako pelikulen artean mugarri izan da hainbat arrazoirengatik; euskal ekoizpenik handiena da, 4,3 milioi euroko aurrekontuarekin, euskarazko film baten historiako estreinaldirik onena ere izan da, eta, gainera, zinemetan euskaraz orain arte gehien ikusitakoa. Sitgeseko zinemaldiko Ikusleen Sari Nagusia eta efektu berezi, ikusmen edo makillaje efektu hoberenen sariaeskuratzeaz gain, Goya sarietan bost izendapen lortu zituen (jantziteria, abesti onena, musika, efektu bereziak eta gidoia).

Berriz Irati (eta zeinen pozik)!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.