Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Berotasun eske

2015eko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Amaitu da GH Vip. Amaitu da Los Gipsy Kings. Amaitu zen ¿Quién quiere casarse con mi hijo?.El conquistador del fin del mundo eta Gu ta gutarrak programek jarraitzen dute. Parte hartzaileen dohain eta bizitza pertsonala uztartzen dituen La Vozshow-a hasi berri da, beste behin ere. Supervivientes-ek telebistara buelta egingo du. Pekin Express-ek ere bai, lehen Cuatron, eta orain Antena 3en. Stop. Gaseosa Cruz del Gorbea iragarkian bezala, buruan ezpata dantza sentitzen dut, Hegoaldeko euskal herritarroi irentsarazten diguten telerrealitate kopurua antzemanda. Barneratu edo ez barneratu, ikuslearen hautua dela pentsa daiteke, noski. Telebista piztu edo amatatzearen arteko hautua. Baina esentzian hori al da askatasunez erabaki bat hartzea?

Gu ikusle kontsumitzaileok gara noranzkoa definitzen ari garenak, edo zer ikusi inposatzen digute? Ez al dugu besterik ikusteko interesik edo ez digute besterik eskaintzen? Neurri batean edo bestean, euren gorabeherak dituzte, baina horiek dira audientzia maila handiena lortzen duten saioak. Kalitate kontu bat edo gizartean errotzen ari den eta kudeatzen ez dakigun fenomenoa? Hau da kontsumoaren gurpilak irenstean sortu dizkigun beharren aurrean erantzuna emateko geratzen zaigun bide bakarra?

Oraindik harremanak beharrezkoak ditugu iraupena bermatzeko. Behintzat, oinarrizko beharrak asetzeko. Adibidez, elikatzeko. Baina egia da teknologiak hori asetzeko modua ere erraztu digula. Erosketak Internetez egin ditzakegula. Etxe azpiko dendariak esfortzuz goizeko seietan ekarri dituen barazkiak saskian sartu beharrean, makinari agindua eman ahal diogu. Norbaitek, bakardadean, gure elikagaiak poltsetan sar ditzan. Zer esan, hain justu, telerrealitate programak oinarritzen dituzten pultsio primitiboez. Heriotzaz, sexuaz. Gizakion artean sortzen den erotismoaz; pertsona batekin edo bestearekin egonda hautematen dugun emozioen dentsitate aldaketa. Non da hori guztia? Bide batez, gizatasuna ez galtzeko beharrezkoa daukagun hauskortasuna. Zein txokotan ezkutatzen ari dira giza harremanak eusten dituzten desio eta pasioak? Bulkadak mutatzen ari dira? Edo gu gara bizi beharrean pantailako protagonistekin enpatia sortuz eroso gaudenak? Berotasunaren bila egiten al dugu telebistara?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.