Orain dela ia 25 urte Vaya Semanita-n elkarrekin lanean hasi zirenetik, sormen bikote banaezina bihurtu dira Borja Kobeaga donostiarra eta Diego San Jose irundarra. Izan gidoilari lanetan, izan zuzendaritza postuetan, hainbat bidetatik gurutzatu dira bi sortzaileen ibilbideak.
Haien artetik jaio den proposamen berriena Su Majestad (Berorren maiestatea) da, bi gipuzkoarrek elkarrekin idatzitako fikziozko telesail bat. Aurreko proiektuetan egin duten moduan, hemen ere kritika politiko eta sozialarekin uztartu dute komedia. Gainera, euskaraz bikoiztua estreinatu dute.
Espainian 2024. urtean girotua dago lana, eta protagonista nagusia Pilar (Anna Castillo) printzesa gaztea da; aita, Alfontso XIV.a erregea, zipriztintzen duen eskandalu baten ondoren, bat-batean eta ezustean, estatu espainiarreko erregina izateko eginkizuna bete beharko du. Gobernatu nahi ez duen printzesa bati buruzko istorioa da honakoa.
Anna Castillok lan itzela egiten du; karisma eta benetakotasuna eransten dizkio pertsonaiari. Bikainki jokatzen du pertsona heldugabe eta arduragabe izatetik benetako betebeharrak onartzera eboluzionatzen duen printzesaren rola.
Ekoizpen diseinua ere primerakoa da; monarkiaren luxuak estetika moderno eta fresko batekin nahasten dituen girotzea aparta da.
Antzematen da telesaila, gaiari dagokionez behintzat, transgresore izateko asmoz abiatzen dela; satira erabiliz monarkiari geziak jaurtitzeko intentzioa agerikoa da hasieratik. Umore aldetik, ordea, zerbait zorrotzagoa, beltzagoa eta deserosoagoa espero nuen. Gaiari tinko heltzen dion arren, tonua arinegia iruditu zait.
Monarkia kritikatzen da eta ezbaian jartzen da gaur egun gizartean duen (ez) funtzioa, baina Ana Castilloren pertsonaiarekin sortzen den enpatia handiegia iruditu zait, eta harekin sor daitekeen konplizitateak zalantzak eragiten ditu: erregea, monarkia eta ingurukoak irmotasunez kritikatzen dira, baina printzesarekin ez da gauza bera egiten, erdibidean geratzen dira.
Testuinguru garaikidean erregetzaren zentzugabekeria islatzen da, eta gainera karikatura errazean erori gabe, baina telesaila amaitzen denean guztia nahiko anekdotikoa izan den sentipena uzten du.