Sentsazioa dut lekuetara beti iristen naizela berandu. Adibide mordoa dut, baina bat aipatzearren, 2006. urtean jaio zen Twitter sare soziala aipatuko dut. Milaka euskaldun izan dira bere jaiotzatik jo ta su, batekoak eta bestekoak zabaltzen, dela azken manifaren berri ematen, dela kafearen abantailen inguruko eztabaidak izaten.
Bere jaiotzatik hamabost urtera eman nuen izena Twitterren —beti bezala, berandu— estimatzen dudan lankide batek gomendatuta. Ba, sekretu bat aitortu behar dizut: Twitter izan da gehien engantxatu nauen sare soziala, ahazteko ez ditudan Fotolog eta Myspaceren gainetik.
2022an iritsi zen Elon Musk ahalguztiduna, erosi zuen Twitter, aldatu zion izena plataformari (orain X da) eta nahastu zituen bazterrak. Baneatuta zegoen Donald Trumpi plataforman berriro sartzeko aukera eman zion, kaleratu zituen hainbat moderatzaile eta algoritmoa ukitu zuen, gure arteko eztabaidak muturrekoagoak bihurtuz. Gure artean sutu eta plataforman denbora gehiago emateko asmoz.
Eta pertsona batzuek «nahikoa da» esan zuten. Gure artean elkar komunikatzeko beste era batzuk daudela aldarrikatuz. Alternatiben bila hasi eta Mastodon sare sozial deszentralizatura eraman zituzten haien maletak. Beste batzuk Bluesky izeneko sarera joan ziren. Lehen olatu handi hori 2022. urte hartan izan zen.
Orain, Donald Trumpek AEBetan hauteskundeak bigarren aldiz irabazi ostean, X plataformatik ihes egiteko bigarren olatu handi bat gertatzen ari da. Mundu mailako datuak aztertuz, Blueskyk aurre hartu dio zenbakietan Mastodoni X-ren alternatiba bezala. Hala ere, esango nuke komunitate euskaltzaleari erreparatuta badela masa kritiko oso interesgarria Mastodon.eus instantzian. Erraza da bertan izena ematea eta duela hilabete egin nuen hori, hor ere berandu.
Zenbaitzuek esan dute X plataforman jarraituko dutela, barrutik borrokatu behar delako etsaia. Nik neuk oraingoz ez dut utziko Musken etxea, baina ez aipatutako arrazoiagatik, irakurri nahi dudan jende asko oraindik bertan dagoelako baizik. Eta bitartean, neure buruari jarri diodan erronka izan da pantailari gutxiago so egitea. Ea ez den beranduegi.