Paul Verlaine poetak 37 urte zituen; Parisen bizi zen bere emaztearekin eta semearekin batera. 1871. urteko uda hartan, tren geltokian zegoen esperoan, Arthur Rimbaud izeneko 16 urteko gaztetxoa noiz iritsiko zain. Nerabeak zenbait olerki bidali zizkion gutun bidez, eta horien kritika eskatu zion. Horrekin batera, hiria ezagutzeko laguntza ere erregutu zion.
Hiru astetan zehar, Arthur gazteak Paris ezagutu zuen Pauli esker. Eta Paulek bere gaztaroaren oroitzapenak berriro bizi izan zituen nerabearen begietatik. Aste horiek batera igaro ondoren, bi poetek harreman erromantiko eta gatazkatsu bati hasiera eman zioten.
Handik urtebetera, Verlainek bere familia utzi, eta Rimbaud gaztearekin batera Belgikan eta Ingalaterran zehar bidaiatu zuen. Ordurako, Verlainek alkoholismo arazo larriak zituen jada. 1873ko uztail hartan, Bruselan liskar bortitz bat izan ondoren, Verlainek Rimbaud tiroz zauritu zuen eskuan. Poliziak atxilotu, eta epaileak bi urteko kartzela zigorra ezarri zion.
Gertaera hura izan zenetik 150 urte inguru igaro diren honetan, Paul Verlaine poetaren hitzak entzun ditugu Intérieur izeneko abestian. 100.000 entzunaldi baino gehiago lortu ditu hilabete bakarrean. Eta susmatzen duzun moduan, adimen artifizialak sortu du abesti berria. Frantziar ukitua eta art electro indie rock etiketak erabili dituzte abestia sortzeko.
Baina non dago muga adimen artifizial sortzailearen erabilerari dagokionez musikaren sorkuntzan? Dakienari galdetu beharko diogu. Horregatik, musika mundua ondo ezagutzen duen musikari baten iritzia dakargu. Zera iradoki digu musikariak, NBAko jokalarien eta esteroideen antzera, musikaren sorkuntzan eta haren kontsumoan edozer onartuko dela.
Euskaldunok publikoki esango dugu ezetz, ez dugula gustuko musika artifiziala. Benetako musikariek benetako musika sortu eta interpretatzearen aldekoak garela aldarrikatuko dugu, traola eta guzti, #BenetakoMusikarenAlde. Baina gurean ere, etorkizuna gaur da. Eta aitortzen hasi beharko dugu musikaren errealitateak, fikzioa aspaldi gainditu, eta artifizialetik ere baduela.