gaizka izagirre
'Ekografiak'

Behatxulotik

2024ko abenduaren 18a
05:00
Entzun

La Piedad eta Pieles filmen ostean, Eduardo Casanovak zuzentzen duen hirugarren film luzea da Al margen, baina kasu honetan dokumentalaren eremuan barneratu da; Filminen estreinatu dute.

2010. urtean Madrilen bere buruari su eman zion gizon baten istorioa azaltzen du (Moises). Ekintza horrekin, ez zuen soilik bere burua suntsitu, inguratzen zuen guztia birrindu zuen.

Gertatutakoa ezagutzeko helburuz, eta bere iragana eta erlazioak aztertzeko asmoz, Moisesen bizitzara eta bereziki garunera gerturatuko gara, baita haren inguruko pertsonengana ere; eskizofrenia paranoidea du, baina berak etengabe MK Ultra proiektuaren biktima bat dela dio. Moisesen familia ere ezagutuko dugu: arreba, emazte ohia eta alaba.

Al margen gizakiaren alderdi ilunenaz mintzo da, baita bazterrean —eta baztertuak— dauden pertsonek bizi duten babesgabetasunaz ere.

Istorio sinetsezin hori pantailaratzeko Casanovak aukeratu duen forma oso deigarria da; deigarriegia akaso. Pobreziaren, droga kontsumoaren eta dekadentziaren irudikapen gordinak eta oso estilizatuak erabili ditu, eta horretarako optika ultra angeluhandiekin grabatu du ia guztia; zorigaiztoko gertaerak kontatzen dituenaren adimenarekin gertatzen den moduan, honen pentsamendu zatikatuak eta pertzepzio distortsionatua islatzen dituen hautua estetikoa da. Ikusle gisa behatxulo batetik begira egongo bagina bezala.

Gainera, lumpenaren errealitate estetikoaz busti du guztia, bazterturiko gizarte klaseekin zerikusia duten alderdiak nabarmentzen dituen irudikapen artistikoaz baliatu da. Istorioaren gordintasunaren barruan, pieza bisual eta narratibo txiki batzuk tartekatu ditu, Zuzendariaren aurreko filmetatik edaten duten itxura nabarmena dute; fikziozko zenbait une oniriko ageri dira, amesgaiztoak diruditenak: nahiko doakoak dira. Casanova oso zuzendari esteta da, maite du bere egiletza lehen begi kolpean antzematea, baina istorio honetan alderdi bisualak presentzia handiegia duela iruditu zait.

Oso istorio iluna, gordina eta gogorra da, ikusteko eta entzuteko zailak diren horietakoa; garun osasuna, manipulazioa, drogak, indarkeria, abusuak... aipatzen diren gai guztiak nahiko bortitzak dira eta nire gusturako era estilizatuegian azaltzen ditu. Mundu guztia ez dago prest horrelako dokumental bat ikusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.