Ez da uda telebistari gehiegi eskatzeko garaia. Goizetako entzierroak oraindik lo harrapatzen bazaitu, Tourrak oraindik lanean eta arratsaldeko programa gastronomikoek lagunartean, ezer gutxi izango du zuri eskaintzeko. Eta hala ez bada ere, antzeratsu. Espainiako (enegarren) bozen aurreko giro lokaztuak ez du askorik laguntzen. Sanchez vs Feijoo aurrez aurrekoa ikusi bazenuen, edo bi presidentegaiak saioz saio egin duten elkarrizketa txangoa ikusi baduzu, ondo dakizu zergatik.
Ez da hain tragikoa ere. Zorionez, udan badira —beste garai batzuetan baino are gehiago— telebista ikustea baino zeregin tentagarriagoak. Uztaileko eta abuztuko programazioaz kexatzea alferrikako lanak hartzea da. Halakoetan, ekaineko azterketak itxura kaskarra dutela-eta ikasgaia zuzenean irailerako uzten duenak nola, hobe da itxaropentsu begiratzea hurrengo ikasturteari.
Itxaropentsu eta ilusioz. Batetik, hori delako ikasturteak amaitu eta berriak hastearen funtsa:kontagailua hutsean jartzea. Iraganeko akats guztiak ahaztu eta asmo berriei zerotik ekiteko aukera jartzen digu parez pare. Berdin balio du kirol taldeentzat, ikasleentzat edo ohitura osasungarriagoak gureganatu nahi ditugun ameslariontzat. Baina ez da hori aurreikuspen optimistak egiteko aitzakia bakarra. Nobedadeak datoz, eta potoloak: plan aldaketarik ez bada, Zinemaldiaren bueltan aurkeztuko du ETBk Primeran plataforma, behingoz. Eta 2024an, Makusi, haurrentzako plataforma. Biek ala biek dute berritasun tekniko soila baino gehiago izateko bokazioa zein ardura. Zenbaterainoko iraultza ekarriko duten? Ikusiko dugu.
Ikusteko moduak baino gehiago axola du mamiak berak, eta plataforma berriak ere edukiagatik epaituko ditugu edukiontziagatik baino gehiago. Baina, nahi duenarentzat, horretan ere bada baikortasunerantz lerratzeko albisterik. Irailaren 14an Zinea zetaz saioa estreinatuko du ETB1ek. Zinemaldiarekin batera plazaratuko da hori ere, eta izenak iradokitzen duenez, filmak izango ditu ardatz. Euskarara bikoiztutako filmak ikusiko al ditugu tartean?. Aurrez badakiguna da Itziar Ituño eta Eneko Sagardoi izango direla aurkezleak. Haiek konbentzitzeko gai izan badira, taxuzko saioa diseinatu duten seinale. Hori esaten diot, begi bat irailean, nire alde eszeptikoari.
EKOGRAFIAK
Begi bat irailean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu