Euskal podcastgintzan kokaturiko ingelesezko saio bat dakart aste honetan, Ulu Mediak Etxepare Euskal Institutuarentzat ekoitzitako Basque izenekoa. Oier Aranzabalek bost euskal kultur eragile elkarrizketatu ditu lehenengo denboraldi honetan: Estibaliz Urresola zinemagileak ireki zuen euskal kultura eta sortzaileak munduan ezagutaraztea helburu duen podcast hau, urriaren 26an argitaraturiko atalean, eta Itziar Ituño aktoreak itxiko du, hurrengo astean. Eneko Atxa sukaldaria, Sahatsa Jauregi eskultore, artista plastiko eta EHUko Arte Ederretako Fakultateko irakaslea, eta Hiromi Yoshida hizkuntzalari, ikerlari eta irakaslea ere pasatu dira mikrofonotik.
Esan bezala, euskal kultura eta haren protagonistek egiten duten lana helarazi nahi die nazioarteko entzuleei euskal institutuak, eta horretarako jatorriz euskaraz egindako elkarrizketak ingelesera bikoiztea erabaki dute. Hautaketa ausarta bezain interesgarria, eta —esatera ausartuko naiz— asmatu dute.
Hainbatetan sinetsarazi nahi izan digute nazioartean arrakasta lortzeko gaztelaniaz ekoitzi behar ditugula filmak, liburuak, artikuluak, irratsaioak… entzuleria edo publiko zabal batengana heldu ahal izateko, euskarazko produkzioek hedapen murriztua baitute. Bestetan, munduan gauden euskaldun guztiok gaztelaniaz badakigulako ustean oinarrituta, batzuei ulergaitza zaie euskaratik (gaztelania ez den) beste hizkuntza batera itzultzeko beharra eta, uste baino gehiagotan euskaldun eleaniztunak garela frogatu behar dugu, euskara eta beste hizkuntza batzuk jakitea bateraezina balitz bezala. Enpin! Euskaldunok pairatzen ditugun aurreiritzi linguistikoak!
Bestalde, duela hilabete bat gutxi gorabehera, EITBk Holobionte podcastaren gaztelaniazko bertsioa aurkeztu zuen Madrilen, euskarazkoak arrakasta izan eta gero. Honako honetan esango nuke, Hego Euskal Herriko gaztelania hiztunarengana ez ezik, Espainiako entzule potentzial batengana heltzea dela helburua. Hori bada arrazoia, ordea, ez dut uste albiste ona denik audio fikzio hori komunikabide publikoaren webgunean erdaraz eskaintzea, are gutxiago printzipioz publiko gazteari zuzendurikoa denean, dagoeneko telebistan edo zinema ekoizpenetan behin baino gehiagotan jaso dugun mezu arriskutsua indartzen baitu horrek: euskaraz arrakasta duen produktu bat espainieraz askoz gehiago kontsumituko denez, itzul dezagun… Hori bai, ia inoiz ez dira Euskal Herriko frantses hiztunak kontuan hartzen, eta horrek agerian uzten du batzuen lurraldetasun markoa.