Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Baserria, polemika iturri oparo

2021eko martxoaren 17a
00:00
Entzun

Polemika iturri oparo eta etengabea izan da ETB1eko Baserria saioa sare sozialetan, eta ez motibo bakarrarengatik. Hasieran, baserritarren eta kaletarren arteko bereizketaren egokitasuna jarri zuten zalantzan batzuek, aditzera emanez gaur egun bereizketa horrek ez duela oinarri errealik, ez dagoelako hainbesteko alderik batzuen eta besteen bizimoduen artean. Ildo beretik, euskarazko reality bat egiteko agertoki moduan baserria aukeratu izanak euskara baserriarekin estuegi lotzen duen topiko zaharkitua berritzen duela aipatu zuten beste batzuek. Eta izan da saioak baserriari buruz eman duen irudia gaur egun baserria denarekin bat ez datorrela salatu duenik ere, horretan ere topiko zaharkituetan sakondu duela saioak. Zentzuzkoak iruditu zaizkit hiru ikuspegi kritiko horiek, are gehiago kontuan izanda ETB1ek aspalditik duen joera ia-ia patologiko baten ondorio eta erakusle direla.

Azken orduan beste polemika bat piztu da, lehiakide bat AEBetako Blue Lives Matter mugimendu poiliziafiloaren aldeko jertsea jantzita agertu zelako joan den igandean platoko «negutegian». Kasu horretan, jertseak islatzen duen ideologiari edo ikuspegiari buruz pentsa dezakeguna gorabehera, ez legoke polemikarako inolako aitzakiarik... aurretik beste aldarrikapen batzuk zeuzkaten jantziak debekatu edo zentsuratu izan ez balira ETB1en, hala nola Altsasukoak aske eta Cabacas justizia. ETB1ek aspalditik duen beste joera ia-ia patologiko bat islatzen du auzi honek.

Polemikak aparte utzita, beste ikuspuntu batetik begiratuta interesgarria irudi zait Baserria, hainbat lekutako eta hainbat adinetako baserritarren euskara erakutsi duelako pantailan. Egiaztatu da oraindik ere —Bizkaian eta Gipuzkoan behintzat, akaso Nafarroan ere bai— baserritarren euskara kaletarrona baino berezkoagoa edo senezkoagoa dela —oro har eta salbuespen ugari izan daitekeela onartuta—, baina alde hori gero eta txikiagoa dela eta izango dela aurrerantzean, baserritar gazteenen eta kaletar gazteenen arteko aldea ez delako hain nabarmena arlo horretan, beste arlo batzuetan ere ez den bezala.

Amaitzeko, etorkizunerako proposamen apal bat EITBrentzat: zer moduz hurrengo urtean ETB2ko reality-a Euskal Herriko baserri batean egiten bada eta ETB1ekoa Karibean?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.