Ikastolara joateko baserri, etxola eta baratzeen artean bidea egiten genuen garaian, Basauri erdialdeko tabernak puri-purian ibiltzen ziren asteburuetan. Inguruko herrietako gazteak etortzen ziren gure herrira; Galdakao eta Etxebarrikoak gehienbat. Eta Laudion parranda egiteaz atsedena hartu nahi zuten Arrigorriagako gazteek ere noizbait egiten ziguten bisita. Oro har, Bilbo Handikoak, baina eskuma eta ezkerralde bereizketatik at bizi ginen herritarrok elkartzen gintuen Basaurik parranda kontuetan.
Gaur egun, ikastola zena Txarraska gaztetxea da, eta Basauriko orduko parranda giroa aspaldi hiltzen utzi genuen.
Garai hartan jaio zen Qué vida más triste webtelesaila. Joseba eta Borja bikote basauriarrak igandeak probesten zituen laburki eta ezin tonu barregarriagoan asteburuan gertatutakoa ikusleoi kontatzeko. Arrakasta handia lortu zuten herrian; kalean ikusten genituen, bideoetan agertzen ziren edo egiten laguntzen zuten hainbat ezagun. Baina, batez ere, ezagutzen genituen erreferentziak ibiltzen zituzten. Ez bakarrik geografikoak, baita belaunaldi bati dagozkion erreferentzialtasun denotatibo guztiak ere. Ikastola amaitu eta urteak aurrera, kultura, hitz eta esanahien inguruan hausnartuz, Bertrand Russellen On denoting lanari esker, ulertu legez.
Arrakastak hedabideetako ateak zabaldu zizkien. El Correo egunkariko webguneetan izan ondoren, La Sextak Sé lo que hicísteis saioko ordutegiaren inguruan emititzeko aukeratu zituen. Hainbat aldaketa egin zituzten; aktore profesionalen bat, dekoratuak eta abar. Baina, oro har, esentzia herrikoia eta umore ironiko, lau, sinple eta era berean maltzurra erabiltzen jarraitu zuten. Interneten hiru denboraldi egin zituen Natxo del Agua eta Ruben Ontiverosen telesailak,eta lau denboraldi egin ondoren amaitu zuen telebistako ibilbidea.
Haatik, orain bueltan dira, webtelesail formatuan, eta Atresmedia plataformaren eskutik. Ez dira bakarrak; izan ere, webgunean buelta bat ematen baduzue, hamaika webtelesail labur topatuko dituzue.
Basauri Mirror proiektu berriak aurrekoaren erabateko xarma bikaina biltzen du. Oraingoan, izua eta umorea uztartzen dituzte Ontiverosen gidoiek. Ikasia eta hazia da lantaldea; pertsonaia berak egoera ezberdinetan ikusi ahalko ditugu. Estreinako denboraldia hasiberria da; hortaz, garaiz zaudete galdu behar ez diren atalekin gozatzeko. Inozokerien maitaleentzat, hirugarrena, zinez, lehertzekoa.

EKOGRAFIAK
'Basauri Mirror'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu