Lide Hernando.
'Ekografiak'

Barraskiloen eran

2025eko otsailaren 13a
05:00
Entzun

Duela urte batzuk, telesailak fenomeno bihurtu aurretik, literaturatik ikus-entzunetarako moldaketen inguruan hitz egiten zenean, iritzi orokortu bat egon ohi zen: film batean oso zaila zela eleberri batean kontatutako guztia islatzea. Eta hala da: salbuespen batzuk kenduta, egia da liburuetan oinarritutako filmek askotan xehetasunak falta dituztela, edota azpi-trama interesgarri asko albo batera uzten dituztela 300 orrialdetan kontatutako istorioaren muina bi orduko lan batean konprimatzeko. Sarri, gainera, denbora kontua ez ezik, arazoa finantzaketan zegoen: film batek kostatzen zuena ikusita, ezinezkoa izan ohi zen hitz soilez kontatutako trama arranditsu eta konplexuak iruditan jartzea, aurrekontu milioidunetan sartu gabe.

Egun, ordea, joko-zelaia guztiz aldatu dela esango nuke. Lehen, telesailak kalitate eta aurrekontu xumeagoko lanak ziren; gaur egun, berriz, esan daiteke telesail askotara film anbiziotsuenetara baino aurrekontu handiagoa bideratzen dela. Eta egoera horretatik abiatutako problematikak ere irauli egin direla esango nuke: lehen, liburuan kontatutako guztia pantailan ikusteko ezintasuna zen arazoa; egun, berriz, kasu batzuetan, liburuan agertzen den trama hainbat kapitulutan zentzurik gabe luzatzea izan ohi da. Dirua sobera eduki eta horrekin zer gehiago egin daitekeen jakingo ez balute bezala.

Hori gertatzen zaio, adibidez, oraintxe ikusi dudan The Crowded Room Apple TV Pluseko telesailari, edota duela hilabete batzuk ikusi nuen The Outsider-i, baita hemen aipatuko ez ditudan beste hainbati ere. Lehenengoan zentratuz, 448 orrialdeko liburu batean oinarritutako lan hau ederki konta zitekeen lauzpabost ataletan: Dany Sullivan izeneko gazte bati egiten dioten itaunketa, Rockefeller Center-eko tiroketa batean susmagarri suertatu ostean. Horren ordez, auskalo zein aginduri jarraituz —sagarraren plataformaren edo sortzaileen eskakizuna izan ote den ez dakit—, hamar ataletan luzatzen da, barraskiloa bezala, bertan kontatu nahi den istorioa. Horrek, jakina, ondorio kaskarrak ditu ikuslearentzat: hasieratik hitzematen diren baina inoiz iristen ez diren erantzunak, emozioen erredundantzia, elipsi falta, inora ez daramaten flashback aspergarriak…

Istorio bat diru faltagatik gehiegi kondentsatzea uler dezaket, baina beharrik gabe luzatuz dirua horrela botatzearekin ez nago hain ados.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.