Marcos Vazquez asturiarrak 2012an erabakia zuen jada bere ibilbide profesionalaren lema norabide desberdin baterantz bideratzea. Hamar urte ingeniari lanetan eman ondoren, osasunaren inguruko proiektua abiarazi zuen: “Fitness Revolucionario” izena eman zion.
Handik lau urtera entzun nion lehenengo biderrez aldizkako baraualdiaren inguruko aipamena bere podcastean. Baina zer da aldizkako baraualdia? Janari eta edari kontsumoa denbora-tarte jakin batzuetara mugatzen duen dieta edo bizimodu praktika da. Ebidentzia zientifikoaren arabera, abantailen artean aipatzen zituen Marcosek metabolismoa hobetzea, zelulen birsorkuntza sustatzea eta inflamazioa gutxitzea.
Bakoitzari berea, baraualdiaren moda hau ez da berria. Sokrates eta Platon garaiko filosofo influenzerrek ere haren aldeko hautua egiten zuten duela bi mila urte baino gehiago. Baraualdia haientzat tresna egokia zen kontzientziaren autokontrolerako eta borondatea indartzeko. Garai hartan, Hipokrates mediku ospetsua ere baraualdiaren defendatzaile sutsua zen.
Hainbat erlijiok ere sustatu duten ekintza ere bada baraualdia; Kristautasunean adibidez, Asteazken Santu, Ostiral Santu, edota Garizumako ostiraletan eginez. Islamean funtsezko praktika da ramadan garaian, egun argitan ezin baita jan edo edan. Judaismoan, Yom Kipur barau egun sakratua da, eta 25 orduz ezin da ez jan ez edan. Hinduismoan ere, Ekadashi egunean fededunek barau egiten dute.
Oro har, erlijio bakoitzean baraualdia betetzeko arrazoiak aldatu arren, helburu nagusiak dira espiritualtasuna indartzea, diziplina garatzea eta Jainkora gerturatzea.
Eta duela gutxi irakurri diogu Elhuyar aldizkarian Ana Galarragari ikerketa baten aipamena: gutxi jateak bizitza luzatzen duela argitu dute laborategiko animalietan. Osasuna hobetzeko dieta-interbentzio gisa aitortu da elikagai urritasuna eragiten ez duen kaloria murrizketaren aplikazioa.
Eta nago, elikadurarentzat balio duenak informazioarentzat ere balio lezakeela; gehiegi edo maizegi irensteak ez dio norberaren osasunari laguntzen. Urte berriko asmoen zerrendan gehituko dut aldizkako baraualdi informatiboa.