urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Bakoitzak bere Coppola

2024ko uztailaren 21a
05:00
Entzun

Inguruko euskal zinemazaleen artean, Bego del Tesok du ikusia Megalopolis filma. Cannesko zinema jaialdian ikusteko aukera izan zuen. Eta haren iritzia hitz hauetan laburtu du, Whatssapp-eko mezu batean: «Ikusi nuen, garai guztietatik at (eta harago) den maisu baten artelan ezin besarkatuzkoa». Francis Ford Coppolaren azken filmak askotariko erreakzioak eragin zituen Cannesen, eta zenbaitek kritika kaskarrak idatzi zituzten. Iritsiko dira kritika txar gehiago ere. Baina zein zinemazalek egin diezaioke muzin Coppolaren azken pelikula pantaila handian ikusteari? Bi hilabete barru, jarraituko beharko da Coppolaz hizketan. Megalopolis izango baita haren azkeneko filma, bere sosekin pagatu duen fabula epikoa.

'Megalopolis' filmaren trailerra.

1980ko hamarkadan hasi zen AEBetako zinemagilea Megalopolis idazten. Rob Lowe aktoreak kontatu izan du zinemagileak proiektuaz hitz egiten ziela The Outsiders filma egiten ari ziren garaian, 1982an. 2001. urtean, hainbat aktorerekin gidoi irakurketak egiten hasi ziren, baina proiektua bertan behera utzi zuten —New Yorkeko Dorre Bikien aurkako erasoak eragina izan zuen, filmean New Yorkek protagonismo berezia baitzuen—. 2021eko udan ekin zioten aktore protagonistekin hitz egiteari, eta azkenean bai, lortu du Coppolak amesten zuen film hura grabatzea eta estreinatzea. Marketin gastuak ere bere gain hartu beharko ditu. Litekeena da filmarekin diru asko galtzea, baina bere 85 urterekin ez da askorik kezkatuko horrekin. Kiebrak zer diren badaki lehenagotik ere.

One from the Heart filmak eragin zion kiebrak merezi ditu lerro batzuk. Zinemagilea ekoizle ere izan da gaztetatik, eta Zoetrope estudioak eraiki zituen San Frantzisko hirian. Ilusioz ekin zion musikal erromantiko bat egiteari, baina One from the Heart-en gainkostuak handituz joan ziren. Herritarrak ez ziren joan zinemara filma ikustera —aretoetan jasotako sosak halako hamar kostatu zitzaion Coppolari filma egitea—, eta estudioek kiebra jo zuten. Bankuak gainean zituenez, hurrengo urteetan enkarguzko hainbat lan zuzendu behar izan zituen zinemagileak zorrak ordaintzeko. Eta baten batek galdetuko du: hain txarra al zen One from the Heart? Ez, ba. Tom Waitsen musika bikainez hornituta dagoen film dibertigarri eta originala da. Vittorio Storaroren argazkia hor da. Aktore protagonistak, berriz, Frederic Forrest eta Teri Garr ahaztezinak dira: bikote dira, baina Garr haserretu egingo da, eta banandu egingo dira. Egun berean, Garrek Raul Julia ezagutuko du, eta Forrestek, Nastassja Kinski. Filmerako zituzten aurreikuspenak ez ziren bete 1982an. Baina 42 urte geroago, guztiz gozagarria da pelikularen aurrean begiak eta belarriak jartzea. Aurten AEBetako zinema areto batzuetan proiektatuko dute.

'One from the Heart' filmaren trailerra.

Ahaztu ezin diren filmak ditu Coppolak bere ibilbidean. Eta kontu, dena ez da The Godfather trilogia.

Gertuko zuzendarien ekoizle

Coppolaren film berezi eta interesgarrienetako bat The Conversation da. Cannesen Urrezko Palma irabazi zuen 1974an —handik bost urtera, sari bera jaso zuen Apocalypse Now harrigarriarekin—. Kasu batzuetan, Detroiteko zinemagileak hauspoa eman zien aktore gazteei: The Outsiders eta Rumble Fish txukunak dira horren adibide; Nicolas Cage ilobari ere hark eman zion lehen aukera. Matt Dillon izar bihurtu zuen. Baita Diane Lane ere; hain zuzen ere, Lanek Cotton Club anbiziotsuan parte hartu zuen. Eta gogoratu behar da azken film horrek ere sos gutxi lortu zituela aretoetan.

Edonola ere, goraipatzeko modukoa da Coppolaren filmografia —lan ugari gelditu dira lerro hauetatik at—. Eta aipatzekoa da zinema ekoizle gisa zinemagile askori eman zion laguntza ere: George Lucasen lehen bi filmak ekoitzi zituen, Akira Kurosawaren Kagemusha-ri bultzada eman zion, eta Sofia Coppola alabaren film batzuetan ere ekoizle aritu da. Senideak eta lagunak ez ditu albo batean utzi zazpigarren artean murgildu direnean.

Francis Ford Coppola 'Megalopolis' filma aurkezten, Cannesen.
Francis Ford Coppola 'Megalopolis' filma aurkezten, Cannesen, maiatzaren 17an. VICTOR BOYKO / EFE

Bada Coppolak egindako askotariko lanen artean gutxiago aipatzen den beste bat: 1997. urtean, Zoetrope All-Story literatur aldizkaria sortu zuen. Literatur fikzioan erreferentziazko argitalpena bilakatu da AEBetan.

Halaber, ardo mahastiak aipatu behar dira, Kaliforniako mahastiak saltzeari esker iritsiko baita irailean zinema aretoetara amesturiko Megalopolis zeluloidezko obra. Gertu dago irailaren 27a.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.