Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Badator

2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Esana dago zientoka tokitan lehenago ere: paradoxa absurdoan bizi gara; telesailen urrezko aroa denean —ikusteko dago burbuilak zenbat iraungo duen—; euskal zinemak loreak pilatu dituenean han eta hemen; ez dago, apenas, atalkako euskal fikziorik. Go!azen nerabeentzako telesailaren arrakasta ahaztu gabe ere, urteak dira ez dela helduentzako lan bat ekoitzi eta egonkortu. Urteak dira aktoreek, zuzendariek, kamerariek edo gidoilariek ez dutela modu jarraituan lan egiteko aukerarik. Esana dago —baita Ekografiak atalean ere—, eta, beraz, alferkeria litzateke berriro gauza bera errepikatzea. Basoa erdi beteta ikusteko txanda da gaur. Edo, besterik ez bada, betetzeko bidean bederen. Badira motiboak horretarako. Itxura guztien arabera, badator, behingoz, hainbestetan aldarrikatutako fikzioa. Mantso, ezohiko bideetatik, merke(ago), labur. Baina badator.

Gutuberrak websailak —arrakasta nabarmenik gabe, baina hainbat elementu interesgarri bilduz— zabaldu zuen bidetik ale berriak iritsiko dira laster. Datorren astean bertan estreinatuko dute Puntu Koma, ospitaleko gela batean garatzen den sei ataleko websaila. Next Station lehiaketa irabazi zuen proiektuaren fruitua da, Amaia Rojo eta Maialen Sorzabalbere dituena egile. Fikzioa badator, eta autore berriak harekin. Websail gehiago ere espero dira, gainera: besteak beste, Eusko Jaurlaritzak sustatu eta Tabakaleran ezarri den 2deo azpiegiturari eta diru laguntzei esker. Abiatzear da proiektua, ikusteko dago oraindik zer emango duen. Baina martxan jartzeko baliabideak eskaini dizkio orain arte finantzaketa lortzeko zailtasun handiak zituen sektore bati: sareko ikus-entzunezkoei.

Ezin zaie, dena den, websail laburrei fikzioaren hutsunea osorik betetzeko eskatu. ETBk ere jarriko du —Maite Iturbek Eusko Legebiltzarrean iragarri zuenez— bere makineria martxan, herdoilak hartu baino lehen. Euskal Herriaren historiako hainbat unetara gerturatzeko baliagarri izango diren hiru telesail ekoitziko dituzte laster. Laburrak, hori bai: bi eta lau atal artean izango dituzte denek.

Tentuz ospatzekoa da: badator fikzioa —bere herrenekin bada ere— geldialdi behartuan zeudenak zein hasiberriak lanean jartzera. Baina ez dezala, ahal dela, itzulerarako biderik egin. Etor dadila gelditu eta ugaritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.