benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Azken guda dantza

2024ko urriaren 19a
05:00
Entzun

Douyin hitzak «soinu dardartia» esan nahi du mandarineraz. 2016an Txinako ByteDance konpainiak sortu zuen aplikazioaren izena ere bada Douyin. Aplikazio hori jaio eta urte berean arrakasta izugarria lortu zuen jaioterrian. Handik urtebetera, mundu osora zabaltzea erabaki zuten haren sortzaileek. Orduan hartu zuen aplikazioak gehienok ezagutzen dugun izena: Tiktok.

Tiktok bideo laburrak partekatzeko sare soziala da. Batez ere gazteen artean da ezaguna, miloika jarri ditu pantailaren aurrean dantzan. Gaur egun, mila milioi erabiltzaile aktibo ditu; Facebook, Youtube, Instagram eta Whatsapp sare sozialen ostean, bosgarren postuan dago mundu mailan. Lehen lau horiek AEBetatik datoz; Tiktok, aldiz, Txinatik. Eta datu hori garrantzitsua da.

Ikusi dugunez, erabiltzaile kopuruaren arabera aplikazio txinatarra ez da erabiliena. Baina erabiltzaileek aplikazioetan ematen duten denbora neurtzen badugu, hor bai agintzen duela Tiktok-ek. Haren algoritmoak erabiltzaileak aplikazioaren sarean atrapatzen ditu.

Joan gaitezen 2020ko AEBetara. Donald Trump presidente izan zen garaian, Tiktok debekatzeko saiakerak egin ziren. Segurtasun nazionalaren izenean, aplikazioak oztopoak eta hainbat salaketa jaso zituen. Hango agintarien beldurra omen zen, Tiktokek AEBetako erabiltzaileen datu pertsonalak bildu ostean, datu horiek Txinako Gobernuarekin partekatu zitzakeela.

2020an hasitako bideak badu gaur egun jarraipena. Duela egun gutxi jakin izan dugunez, AEBetako hamalau estatutako fiskalek Tiktoken aurka salaketa jarri dute. Ikertzaileak bi urtez konpainia aztertzen aritu dira. Horiek diotenez, Tiktok beren-beregi diseinatua izan da adin txikikoek aplikazioarekiko adikzioa izateko. Eskuratu dituzten Tiktoken dokumentu konfidentzialen arabera, 35 minutu nahikoa dira edozein erabiltzaile menpeko bihurtzeko. Zalaparta nabarmena izan du berriak gurean ere, eta sare sozialetan bolo-bolo zabaldu da.

Kezkak oinarria duen arren, AEBetatik datozen Tiktoken aurkako berri hauek gehiago erantzuten diote geopolitikari, gure osasunaren inguruko ardurari baino. Gure pantailetan jokatzen ari den gudan, bi aldeek eskuratu nahi duten produktua baino ez gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.