Azaroaren 25a morez markatutako data da egutegian. Aldarrikapen feministen egun seinalatua, baita normalean horri erreparatzen ez dioten komunikabideetan ere. Horren inguruan, adituen diskurtsoek, biktimen eta bizirauleen testigantzek, txosten polizialen zenbakiek, indarkeria matxistaren salaketek lehenengo lerroa hartzen dute irrati-parrilletan. Egun batzuetan geruza moreak estaltzen ditu agenda informatiboa eta tertulietako eztabaida, ondoren ohiko lekura itzultzeko, Martxoaren 8ra arte gehienetan...
Hori ez da Berria FM podcast feministaren kasua. Beti entzuteko gomendagarria bada ere, aurreko asteazkenean argitaratu zuen atala dakart hona, Interneten eta, bereziki sare sozialetan, izaten den indarkeria matxistan jarri baitute fokua, eta horretarako Asier Arizkorreta Emagineko aditua eta Maider Galardi kazetari, ikerlari eta podcastaren sortzailea gonbidatu dituzte Uxue Reyk eta Ane Eslabak. Manosferaz, diskurtso misogino eta antifeminista hedatzeko sare antolatuaren funtzionamenduaz aritu dira, gainerako esparruetan bezala, matxismoak ere lekua hartu baitu sare sozialetan, eta indarkeria horren aurka autodefentsa feminista praktikatzen dutenen jarrera bezain zilegia da zenbait emakumek hartu duten alde egiteko erabakia.
Aktibista feministek pairatzen duten oldarkortasunaz harago, indarkeria matxista digitala hizpide izan dute Gipuzkoako Aldundiak aste berean bultzatu duen Deskodifikatu podcastean ere, Ainhoa Vitoria esatariaren eskutik. Eta zuzeneko podcastaren formatua ere erabili du Langraizko Lantartea elkarteak hilaren 15ean, elkarrizketa feministen barruan, Nora Galvez gizarte aktore, aktibista, hezitzaile feminista eta genero indarkeriaren arloko adituarekin solastatzeko.
Beste batzuetan aipatu dudan moduan, ez da kasualitatea audio formatu hori aukeratzea feminismoaz aritzeko; tokiko irrati batzuetako saioak eta zenbait podcast kenduta, gaiak ez baitu lekurik ohiko programazioetan, eta askotan esatari edo kazetarien sentsibilizazioaren esku geratzen da genero ikuspegia lantzea ala ez. Ildo horretan, goraipatu egin nahi dut Radio Euskadin indarkeria matxistako kasu baten inguruko eztabaida batean, salaketa zalantzan jartzen zuen gizon baten adierazpenak eman eta gero, gidariak —emakumea— hitz horiek testuinguruan jarri eta frogatuta zeudela azaldu izana, eta tertuliakideei bide horri heltzeko bidea itxi izana. Ziur nago gidaria gizona izanda —bere burua aliatu feministatzat hartzen duten horietakoa izanda ere— ez zuela egingo.