Gaztetxoak ginen. Garai hartan, gure biboteko ileak agertzeko lehen saiakerak egiten hasiak ziren. Entrenamendua amaitu eta gure entrenatzaile gazteak hiru laguni proposamena helarazi zigun: ba al goaz autoz hondartzara? Emozioa ezkutatu ezinik sartu ginen Audi 80 hartan. Uhalak lotu eta ziztu bizian abiatu ginen kostalderantz.
Musika aparatua piztu, kasetea sartu eta oraindik ahazteko ez dudan abestia entzun zitekeen topera bozgorailuetatik, The Barracudas taldearen Summer Fun abestia zen. Udaberriaren amaiera izanik, uda usaina sumatzen zen lau haizeetara. Libre. Horrela ikusten genuen geure burua 14 urteko hiru gazteok momentu hartan.
Urte dezente pasatu ondoren, Txinatik dator notizia. Mundu mailan auto elektriko gehien saltzen duen enpresa da BYD. Bada, enpresa horrek doan eskainiko du autonomoki gidatzeko aukera ematen duen teknologia. Eta izen aproposarekin bataiatu dute teknologia hori: God´s eye. Baina zertan datza Jainkoaren begi horrek? Gidariari laguntzeko teknologia aurreratuen multzoa izango da eta autoaren segurtasuna eta erosotasuna hobetuko dituela diote.
Jainkoaren begiak bi zutabe izango ditu: a) BYDek urteetan zehar eraiki duen datu base zabala eta b) kamera, sentsore eta teknologia aurreratuenak. Agian ezaguna egingo zaizu Autopilot izeneko antzeko teknologia; Tesla enpresa estatubatuarrarena da azken hori, eta milaka euroren truke eros daiteke.
Teknologien aurrerapenari erreparatuta, etorkizunean ez dirudi gidabaimenik beharko dugunik autoak gidatzeko. Bertan sartu, nora joan nahi dugun ahoz adierazi eta autoak eramango gaitu helmugara. Zoragarri, ezta? Ez dakit ba, oro ez baita urre Europan. Auto autonomoen teknologiarik aurreratuenen jabeak enpresa estatubatuarrak eta txinatarrak baitira gaur-gaurkoz.
Inoren menpe izateak beti dakar ordaindu beharreko prezioa. Izenez autonomoak direla dioten arren, haien softwarea Txinan edo AEBn diseinatua bada, norena da auto horien benetako kontrola? Gure errepideetan izango ditugun auto autonomo horiek Texas edo Xi'an-etik piztu eta itzali badaitezke, nor izango da benetan autonomo eta nor mendeko?