PPk, Espainiako Gobernura iritsi eta berehala, Sinde Legea aurrera atera du. Jose Ignacio Wert Espainiako Kultura, Hezkuntza eta Kirol ministroak beharrezkotzat jo du neurria, eta, beti bezala, egileen eskubideak defendatzeko egin dela ziurtatu du. Sinde Legea aski ezaguna da; egileen eskubideak defendatzeko aitzakiarekin, Internet kontrolatu eta oinarrizko eskubideen aurkako eraso bat dela besterik ez dugu esango. Hala ere, bi gauza ikas ditzakegu batez ere, gertakari honen inguruan:
1. Sistemaren autokolpea: boterea duten elite politiko handiak, PP edo PSOE Espainian, demokratak edo errepublikanoakAEBetan, jabetza intelektualaren defentsa aitzakiatzat hartuta gure eskubideak murrizteko prest daude. Sistemaren alderdiak baino ez dira; duten izenak bost axola. Orain arte nagusi izan diren monopolio industrialen mesedetan ari dira, baina neurriak ez dira horregatik bakarrik. Gune aske moduan ezagutu dugun Internet kontrolatzeko tresnak behar dituzte, eta lege hauek ematen dizkiete. Orain arte, boterea izan duten eta mundu zaharraren adierazle diren hauek, beren boterea mantentzeagatik eta handitzeagatik borrokatzen dira. Argi dute murrizketa hauek beste esparru guztietara zabaldu behar dituztela: hezkuntzara, ekonomiara, bizitzara...
2. Sistemari kontrakolpea: Horren aurrean jendea jada mobilizatzen ari da. Borroka horien garrantzia zalantzan jar daiteke, eta egia da batzuetan dutena baino garrantzi handiagoa ematen diegula. Hala ere, Interneteko askatasunaren defentsa garrantzitsua da. Internet aske bat izan gabe, sistema aldatzea ezinezkoa ez, baina askoz ere zailagoa izango da.
Hori gainditzeko bi noranzkoko egitasmo bat gauzatu beharko dugula uste dut, behetik gora eta goitik behera. Alde batetik, autonomia eskuratu beharko dugu, komunitateetan antolatu eta gure azpiegitura propioak sortu, erasoen aurrean sortzen jarraitu ahal izateko. Bestetik, boterea eskuratu eta legediak eraldatzea ere beharrezkoa da, batez ere marko politiko-ekonomikoan.
Hemen eta orain zer esan nahi du horrek? Marko juridikoa eta egitura ekonomikoa aldatzeko ahalmena goitik behera aldatzeko aukera lortu behar dugula baina bitartean independentzia hori komunitateetan eraiki beharko dela. Teknologia alor polita izan daiteke independentzia hori esperimentatzeko.
Komunikazioa. Irlen sarea
Autokolpea eta kontrakolpea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu